Gure “laranja mekanikoa” lortzeko bidea da Fundazioak sustatzen duen proiektua, baina emaitzak bat-batean etortzea ez da hain erraza izango. Hori buruan izan behar dugu. Apurka-apurka, Fundazioak indarra hartu behar du, bai kirolari gaztetxoak hezten doazen heinean, bai World Tourreko “erraldoien” artean lehiatzeko. Ilusio eta gogo aldetik ez die inork irabaziko, baina hori baino gehiago beharko dute indartsuenen artean nabarmentzeko.
Seguru nago, hemendik bost-sei urtera edukiko dugula denok amesten dugun “Euskaltel” berria, baina, oraingoz, fundazioa formakuntza bat da, neskena zein mutilena, eta lan gogorra egin beharko da, behetik hasi eta mendiaren tontorrera igotzeko.
Euskal zalegoak, betiko moduan, etxekoari indarra emateko eta hasiko duten etapa berriari begira ziklistei hauspoa emateko, San Mameseko gela lepo bete zuen aste honetan egindako aurkezpenean. Argi dago eurekin daudela (gaudela) eta ez zaiela animorik faltako. Eta horrela behar du. Baina uneoro gogoan izan behar dugu non gauden eta nora heltzea dugun helburu. Egin beharreko bide horri begira, gaztetxoen formakuntzak berebiziko garrantzia du eta taldeko beste edozein adarri bezain besteko garrantzia eman behar diote. Zeren eta harrobirik ez badaukagu, zelan helduko da “marea laranja” Frantziako Tourreko, Italiako Giroko zein Espainiako Vueltako bide bazterrak betetzera?
Beraz, eduki ditzagun hankak lurrean. Mortirolo gainean dago helmuga, baina horra heldu aurretik, hainbeste mendi txikiago batzuk igo behar ditugu! Pausoz pauso ibilita helduko gara ondoen mendi tontorrera. Presarik gabe, baina konstanteak izanda