Politika, zertarako nahi zaitugu?

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Iturriaga 2019ko urr. 18a, 08:45

Egunetik egunera, harrituago gelditzen naiz gaur egun gertatzen diren kontuekin. Ez naiz sartuko politika arloan, baina, nire ikuspuntutik, munduak guztiz galdu du norabidea.  Bilbon Frantziako Tour-eko etapa bukaera bat egongo dela? Murias-Euskadi desagertzera doanean? Emakumeen Bira desagertuta dagoenean? Nire taldea ere Euskal Herritik kanpo gidatu behar dugunean?

Gobernuak hainbat diru atal ditu kirola sustatzeko, ulergarria den moduan, baina, zer gertatzen da txirrindularitzarekin? Ni maitemindu ninduen kirol honek munduko emakumerik onenak ekartzen dizkigu urtero etxe albora, eta gobernuak ezin du lagundu? Lotsagarria iruditzen zait.

Beste kasu bat Euskadi-Murias desagertzearena da, bost urtez errepidean egon eta gero. Sasoi bateko Euskaltelekin gertatzen zen moduan, orain, momentu kritiko batean, ezin diete etxeko mutilei lagundu?

Eta gero Tour-eko etapa bat etxean amaituko dela esaten digute. Baina ia euskaldunik ez daukagu bertan egoteko eta! Zelan ulertu daiteke hori? Politika, politika eta politika. Betiko moduan, gauza jakin batzuetarako bakarrik dago dirua. Askotan pentsatzen dut, zergatik aurrera jarraitu taldeekin, neskekin… dena oztopoak baitira! Sarritan pentsatzen dut, kirol hau sustatzeko, batez ere, bihotzetik lan egiten dugunok, dirua eta denbora galduz… Merezi du? Baina, hotzean ikusita: kirol honek ematen dizkigun balioak gutxitan ikusten dira kalean. Horregatik bakarrik bada ere, borrokan jarraituko dut, pena handiz Euskadi Muriasi eta Emakumeen Birari agur esaten diogun bitartean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!