Bai, harrezkero 25 urte joan dira, eta bizipen horiei eskerrak, txikitatik garbi izan nuen neuk ere euren modukoa izan gura nuela! Gero, ametsa errealitate bihurtu zitzaidan. Nire ilusiorik handienetarikoa etxeko lasterketan parte hartzea zen beti. 14 bider parte hartu nuen txirrindulari moduan, eta beste behin zuzendari lez.
Zer esan nezake lasterketa honi buruz: euskal txirrindularitzaren gakoa da eta Estatuan dagoen gisa honetako proba bakarra. Eta, orain, bertan behera geratu daitekeela jakin dugu. Women World Tourra izanda, ez dagoela diru nahikorik? Betiko kontua: dirua. Emakumeen lasterketak egitea zaila da berez eta, gainera, laguntzarik ez badaukagu, zer egingo dugu?
Gobernuak eta Aldundiak, zeri itxaroten zaudete? Argazkiak egiterako orduan, beti hor egoten zarete, baina orain, diru falta dagoenean, denak ezkutatuta! Txirrindularitza maite dugun guztiok kezkatuta gaude.
Dei egiten diet udal, babesle, aldundi eta gobernuei, denon artean Bira aurrera eraman dezaten. Gure seme-alabek eredu bat izaten jarraitu dezaten, ez telebistan bakarrik, baita errepidean ere.
Hauxe da unea denok bat eginda aurrera egiteko, nahiz eta kolore desberdinak eduki. Ezin dugu utzi Emakumeen Bira horrela hiltzen.