Nire ustez, ametsak egia bihurtu daitezen, euretan pentsatu bakarrik ez, lan asko egin beharra dago. Momentu txarrak datozenean eta dena pikutara joateko arriskua dagoenean, aldiz, oraindino lan gehiago egin behar da, eta amets finko hori oraindik eta gehiago desiatu. Horixe da Eneicat Women Cycling Team txirrindulari ekipoarekin egin duguna. Bihotzez egindako nire nesken talde berri eta desberdin bat da. Neska guztiak Leongo egoitza batean bizi dira, bekak dituzte ikasketak egiteko, eta txirrindularitza amaitu ostean lan munduan sartzeko abantailak dituzte. Lasterketei dagokienez, nazioarteko egutegia dugu eta 15 egun barru Emakumeen Biragaz jo eta su arituko gara. Batez ere, nik nire txirrindulari sasoian sumatu nituen gabeziak hobetzen aritu naiz.
Lan horrek guztiak lehenengo garaipenak ekarri dizkigu. Eneicat (Eneritz Iturriaga eta Dario Cataldo lagunaren izenetatik eta Astanan du sorburua) taldeko neskak denen ahotan daude. Eta, gainera, helburu garrantzitsuena falta da oraindik: Eneicat euskaldun bihurtzea eta munduko 10 talderik onenen artean sartzea. Hori da nire hurrengo ametsa, eta horretarako arituko naiz lanean.
Beraz, jakizue orain Eneicat dena Euskadi Women bat bihurtu nahi dudala eta, horretarako, denen laguntza beharko dudala! Nahia, ametsa, ilusioa eta lan gogorra datozkit aurrerantzean.