Kirola heziketa modura

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Iturriaga 2019ko ots. 22a, 08:30

Ama izan naizenetik, gero eta argiago ditut kirolaren balio onak. Haurtzaindegira goizago joaten naiz, eta bertan ume guztiak jolasean ibiltzen dira hara eta hona: futbolean, saskibaloian.. eta nire arreta erakartzen dute bertan ikusten ditudan kontu batzuek.

Alde batetik, neskak eta mutilak, denak elkarrekin jolasten eta elkar errespetatzen ikusten ditut. Bestetik, bakoitzaren izaera azaleratzen da, diren bezalako agertzen dira. Taldeko lan handia ikusten dut, denek helburu berdina daukatelako, eta ume batek haserre aurpegia daukanean, denen artean alaitzen dute. Ikusten ditudanean, balio horiek guztiek txundituta uzten naute.

Jakin badakit salbuespenak daudela, noski. Egia da, baita ere, telebistak laguntzen duela, kirolarien ibilerak erakusten dituzte eta beti umeen ahotan izaten dira Messi, Cristiano Ronaldo edo bertoko (Muniain, Aduriz…) jokalarien izenak. Euren izenak oihukatuz pasatzen dituzte euren jolasaldiak. Baina, horrekin batera, osasuna zaintzen dute kirolaren bidez. Badakigu umeen obesitate maila %15ekoa dela estatuan, eta, gainera, portzentaia hori hazten doala. Beraz, horretan ere lagungarria da kirola.

Horregatik idazten dizuet gaurko iritzi artikulua ama-aitak zareten guztioi. Umea txarto portatzen denean edo nota onak ateratzen ez dituenean, kirola heziketa modura hartu behar dugu. Bertan, ohartu gabe, umeak hezi egiten dira, eta euren autoestimua, heziketa, esperientzia, lehiakortasuna, eta beste hainbat balio lantzen dituzte. Beraz, pentsa ezazue apur bat, eta utzi umeei gozatzen eta pozik bizitzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!