Kirola eta estresa

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Iturriaga 2018ko eka. 15a, 08:30

Egun hauetan askotan entzuten nabil, bai txirrindularitzan bai motor eta auto lasterketetan arrisku handia dagoela eta pertsona asko hiltzen direla. Ondorioz, guraso askok ez dietela seme-alabei horrelako kirolak egiten uzten.

Egia da kirol hauek arrisku gehiago dutela, igerilekuan edo gimnasio batean egiten direnekin alderatuta, baina esan beharra daukat bagaudela pertsona batzuk ezin dugunak kirola leku itxietan egin. Eta hausnarketa hau beste ikuspuntu batetik aztertzea gustatuko litzaidake.

Ez al da hobea izango, kotxean gidatzen goazenean sarritan darabilgun presa alboratzea, eskuan izaten dugun mugikorra itzaltzea, hau da, estresa kudeatzen asmatzea eta gidatzeko zereginean erabat zentratzea? Inork ez du horretan pentsatzen. Ez al zaizue inoiz gertatu, jateko astirik barik, egiten gabiltzana ondo dagoen pentsatzeko benetako denborarik hartu barik, alde batetik bestera ibiltzea? Niri gertatu zait. Eta badakizue zer? Kirolak estres hori guztia baretzeko modua eskaintzen du. Mundua une batean geratzeko eta gustuko duguna egiteko irtenbide bat da. Une horietan hausnartuko dugu ondo eta jabetuko gara non gauden eta zer egiten gabiltzan. Beti etorkizunean pentsatzen, ez baitugu unean unekoa gozatzen. Eta hori da bizitza.

Beraz, utzi kexatzeari eta jarri zuen bizitzan jarduera fisiko bat, berdin da zein, ze nik 27 urte eta milaka kilometro daramatzat bizikleta gainean eta oraindik hemen nago, eta jakizue bizikleta gainean zoriontsua naizela. Hartu patxada, bizitza laburregia da gehiegizko abiaduran ibiltzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!