Itzulia joan da, Bira badator

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Iturriaga 2018ko api. 15a, 08:30

Euskal Herriko Itzuliagaz gozatu ahal izan dugu azken egunotan. Eguraldi ona, txarra, denetarik egin du, baina hor izan dira milaka eta milaka zale errepide bazterretan, txirrindulari denak animatzen. Berriz ere marea laranja ikusi dugu eta azpimarratzekoa da  euskal afizioak duen bereizgarritasuna: berdin dela etxekoa izan edo ez, denak maila berean animatzen ditugu, denen ahalegina eta lana aintzatesten dugu.

Euskaldun batek irabazteko gogoarekin geratu gara. Azkenean esloveniar batek eraman du garaipena, erlojupekoan erakustaldia emanez. Aldapan gora ez zen onena, baina behar zenean haginak estutu ditu. Erakutsi du, bai, ez zuela liderraren elastikoa eransteko gogorik. Etxekoek, den-denek, oso paper ona egin dute eta berriz ere ilusioa ikusi dugu errepideetan.

Itzulia amaitu da eta hilabete barru, Emakumeen Bira daukagu, azkenean hainbeste burrukatu eta gero, Women Word Tourreko puntuazioarekin eta baita etxeko nesken ilusioarekin ere. Horregatik dei egiten diet asteburuan errepideetan egon diren denei, eman diezaietela euskal zalegoaren berotasuna emakume txirrindulariei ere.

Emakumeak profesionaltasun osoz eginahalak egiten ibiliko dira euskal errepideetan, ibilbide gorabeheratsuei abiadura bizian aurre eginez. Dei egin gura diet hedabide denei ere, beste behin eman diezaioten merezi duen garrantzia eta oihartzuna gure etxeko lasterketari; eta bertan parte hartuko duten emakume denei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!