Kirol profesionalean, emakumeak non daude?

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Iturriaga 2018ko urt. 27a, 08:30

Egunotan albiste da eta sarritan entzun izan dugu: bai Murias Taldearen eta baita Euskadi Fundazioaren eskutik ere, etxeko taldeak indartuta irten direla eta berriz ere marea laranja gure errepideetan ikusteko aukera izango dugula. Afizioa, txirrindularitza zaleak, berriz errepide bazterretara irtengo direla, eta lemak euskaraz oihukatuz entzungo ditugula.

Bai, berri oso ona, bikaina da gure kirol maiterako. Etxeko txikiek berriz ere non begiratua izango dute. Txirrindularitzagaz amets egiteko ereduak parez pare izango dituzte. Euren idoloak orain direna, etorkizunean eurak izateko ilusioa berpiztu dakieke. Era berean, kirolaren bidez balioak lantzeko eta barrutik bizitzeko aukera sortu dakieke. Aukera asko eskaintzen ditu.

Baina txirrindularitza jarraitzen dugunok, badakigu hori ez dela albiste bakarra. Gobernuak emakumeen taldea ere sustatu du proiektu berean, eta non dago albiste hori? Emakumeentzat ere panorama goxoa datorrela dirudi, baina argi dago horrek ere zabalkundea behar duela hedabideetan; eta ez orrialdeko zatirik handiena gizonei eskaini, eta, txikian, emakumeak. Alderdi hori ere landu beharra dago proiektua indartzeko.

Badakigu horretan kazetariek ere lagundu behar dutela. Dei egiten diet emakumeen txirrindularitza profesionala ere zabaldu dezaten, neskak ibili badabiltzalako munduan zehar jo eta su lehiatzen. Beraz, jarri dezagun denok geure aletxoa oihartzuna gero eta handiagoa izan dadin eta emakumeen txirrindularitza bazter guztietara heldu dadin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!