Amatasuna

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Iturriaga 2017ko urr. 13a, 08:30

Urtebete joan da azken iritzi zutabea idatzi nuenetik. Baina berriz ere hemen nago, gogotsu. Batzuetan buruak ere atsedena behar izaten du, ideia berriz hornitzeko eta energiaz kargatzeko. Nire kasua horixe izan da, baina beste arrazoi bat ere baneukan.  Arrazoi handi bat neukan… neure barruan.

Carlotta etorri zaigu mundura, eta horrekin bizimodu berri bat jaio da. Beti esaten da ama edo aita izan aurretik eta ostean sentipen oso desberdinak izaten direla, eta horrela da. Betirako eta baldintzarik gabe maitatuko duzun norbait jaiotzen denean ez dagoen tokitik indarra ateratzeko ahalmena sortzen da. Hori sentitu dut Carlottaren jaiotzagaz.

Hausnarketa honekin gelditzen naiz: beti esan izan dut gurasoengandik datorrela gure seme-alaben heziketa eta ohitura multzoa, guk eragina dugula horretan, eta orain, ama izan naizenetik, egunetik egunera pentsamendu hori gero eta barneratuago dudala onartzen dut.

Zuzendari moduan nabilen txirrindularitza taldean etena egingo dut —taldeak aurrera darrai—, Carlottaren lehenengo egunak, hileak eta urtea berarekin gozatzea nahi dudalako. Orain parentesi honetan gaudela, seguru nago “etxeko neskek” apur bat espabilatzen hasi beharko dutela eta euren indarrak atera beharko dituztela gu barik. Bizimodua ikasgai bat da, eta orain oso etapa berri eta zoriontsuan gaude, eta nire indar guztiak Carlottarengan utziko ditut. Baina laster… erronka berriekin egongo gara!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!