Nahiz eta lehenengo orduak euritsuak izan, orduak pasatu ahala eguzkia ere irten zen, eta horrek jende gehiago animatu zuen bertara joateko. Herriarentzat ere interesgarria izaten da, bai taberna, hotel, eta inguruko zerbitzu guztientzat. Beraz, beti animatuko nituzke herriak kirol proba bat egitera, bai ekonomikoki eta bai sozialki, herria handitzen dutelako.
Datu batekin gelditzen naiz. 165 txirrindulari horietatik, kadeteetan 58 mutiko eta 9 neskato, eta juniorretan 35 mutil eta 3 neska zeuden. Asko direla eman arren, nire ustez oso datu kezkagarriak dira, oinarria, harrobia, moteltzen ari dela erakusten duelako. Oso zenbaki eskasak dira. Datu horiek eta beste batzuk kontuan hartuta, dei bat egin nahi diet erakunde, txirrindularitza talde, eskola eta klubei, kezka eta arazo hau bideratu dezaten. Ze, urteak pasatu ahala, zenbakiak gero eta txarragoak dira. Guk nesken taldea daukagu, eta kostata, baina, oinarriarekin lan egin nahi izaten dugu (garaipenen gainetik) eurak baitira... hurrengo txapeldunak!
Izan ere, Valverde, Contador eta Purito joaten direnean, zer? Lan gogorra dugu aurretik, baina kirola maite dugunok arazo honen aurrean lanik egiten ez badugu, ez dugu etorkizunik edukiko. Eskerrik asko.