Iada 2016an gaude, eta kirolean dauden desberditasunak begi bistakoak dira oraindik. Horrek ez du esan nahi, baina, neskok esfortzu gutxiago egiten dugunik, edota entrenamendu gutxiago. Egunero zaintzen gara, eliteko kirolari guztien moduan. Telebistaren oihartzunaren ondorioz, jendearen ikuspuntua zabalagoa da, eta ea horrek laguntzen duen publizitate moduan diru gehiago inbertitzeko gure kirolean. Sponsorrei dagokienez, euren markak eta koloreak telebistan ikusteak ate gehiago zabalduko lituzke hurrengo urteei begira, eta hori lagungarria da gure kirola laguntzen jarrai dezaten.
Guretzat oso garrantzitsua da oihartzuna izatea, sponsorrek motibo bat gehiago izateko euren inbertsioei begira. Orain gizonen Giroa korritzen ari da, eta ea horko emanaldietan ere nesken Giroari edo Joko Olinpikoei buruz aipamenak egiten dituzten, gure mundua gehiago zabaltzeko eta babes gehiago izateko.
Izan ere, esfortzu berdina egiten dugu, gogor entrenatzen gara, berdintsu sufritzen dugu, eta guk ere telebistaren beharra dugu, nesken kirolak beste urrats bat egin dezan aurrera.