Non dago profesionaltasuna?

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Iturriaga 2016ko mar. 18a, 08:16

Orain 15 urte, nire bizitzako erabaki garrantzitsu bat hartu beharra izan nuen. Benetako txirrindulari profesionala izan nahi banuen, Europa mailara joan behar nintzen. 

Pentsatu eta egin! Beti izan naiz gauzak argi eduki dituen pertsona, etxean ikasitako diziplinak lagunduta. Gogoan ditut Italiako lehen hile kaxkarrak: entrenamenduen gogortasuna, taldekideen arteko lehia, eta, batez ere, bertan zegoen profesionaltasuna.

Hemen bizi izandako guztiak ez zuen zerikusirik hango txirrindularitzarekin, eta moldatu beharra izan nuen. Eta bai, profesionaltasuna. Hori da askotan desberdintzen gaituen hitza. Imajinatu une batez, zure lankidearekin arazo asko eduki eta gero, lanean elkar ikusten duzuela, arazorik barik? Gai izango zinatekete hori egiteko? Gogorra ezta? Gaur egun dauden arazo guztiekin... 

Horrek markatu egin ninduen, eta erreflexio puntua izan zen. Urteak joan ahala, gero eta profesionalago bihurtu nintzen, eta ate ugari zabaldu zizkidan. Ikasi nuen bai, eta oso ondo, bizikleta gainean talde bat ginela, baina hortik kanpo ez genuela zertan lagunak izan. Hori izan da beti desberdindu nauena kirol honetan, eta horregatik, horixe bera da nire taldeko neskei erakusten diedan lehen puntua. 

Orain, lan eta talde inguruetan, profesionaltasun falta ikusten eta bizitzen ari naiz. Oraintsu gertatu zaidan moduan, jende askok ez ditu desberdintzen laneko arazoak hortik kanpoko bizitzagaz. Gertatuak gertatu, beti burua altxatuta defendatuko ditut nire postura, idealak eta 10 urtez bizikletan Europa mailan igaro ditudan gauza on eta ez hain onak. Hori da eduki dudan bizitzaren ikasgairik politena. Profesionaltasun hori daukagunok, bizitza beste modu batera bizitzen dugula, egon seguru. Esperientzia hori probatzera animatzen zaituztet!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!