Debuta

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Iturriaga 2015ko mar. 6a, 08:30

Azkenik ere, heldu zen pasa den domeka, eta baita debutatzeko eguna ere; nahiz eta neskekin ez izan, hara joan ginen mutilekin ekinean egitera! Taldeko sei euskaldunekin eta Gaztela eta Leongo neskekin joan ginen, ilusioz, gogoz, beldurrez, urduri eta, garrantzitsuena, entrenatzeko gogoz!

Lehenengo aldia zen UCI talde bat eskuartean nuena, eta burua hotz izatea egokitzen zitzaidan. Niretzat emozio asko egon ziren tartean... Batez ere, lehiaketara joan ginenean, denek esan zidaten gauza bera: “Ez zara animatzen berriz ere lasterketetan hastera? Zeure sua eta borrokatzeko gaitasuna erakustera? Baina, benetan, ez dut neure burua bizikleta gainean dortsal bategaz ikusten. Orain, nire lana neska gazteei laguntzea eta ofizioa zelakoa den erakustea da.

Lasterketan gindoazela, zera pentsatu nuen: Non dute neska hauek lasterketaren irakurketa zorrotza egiteko gaitasuna? Haien abilezia? Baina, bat-batean, stop! Erakutsi egin behar diet! Hori da behar dutena... Gaztetxoak dira, eta lagundu egin behar zaie! Horretan ibili ginen lasterketa osoan. Eta ez hori bakarrik; mutilei aurre egiten ere saiatu ginen! Kar-kar-kar! Baina hoberena etortzear zegoen... Gutxien espero genuenak sorpresa eman zigun! Horrek ere asko pentsarazi dit. Nik bizitako guztia oraindik ezin diet irakatsi, oso gazteak baitira. Oinarritik hasi behar dugu. Gure taldea UCI talde bat da, baina oso gaztetxoa eta umila da. Apurka, inurrien pare lanean segi, eta seguru susto bat baino gehiago emango dugula. Aupa gure neskak!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!