Lady Dakar

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Iturriaga 2015ko urt. 16a, 08:30

Egun hauetan telebistan entzun eta ikusiko zenituzten Dakarreko infernuari buruzko albisteak. Bai, desertu horretatik salbu ateratzea bera ere garaipen bat da. Baina kirola eta arriskua gustuko ditugunok asko gozatzen dugu parte-hartzaileen lorpenak, garaipenak eta lasterketetan zehar izaten dituzten matxurak ikusten. Dena da ikuskizuna baldintza gogor horietan.


Baina historian lehenengo bider, Lady Dakar –horrela deitzen diote sare sozial guztietan–, Laia Sanz katalana, hamar onenen artean sailkatuta dago, eta bai, gizonekin batera lehiatzen ari da. Baina eman al zaio horri inportantziarik? Zuek jakin al duzue bere berri?Lehiatzen duen bosgarren Dakarra da, eta hamar Munduko Txapelketa baino gehiago irabazi ditu; eta Europako txapelketak eta gizonek ere parte hartu izan duten lasterketa asko ere eskuratu izan ditu. Hala ere, telebistak segundo bi eskaintzen dizkio. Ez al gara ohartzen badirela emakumeak dagoeneko gizonen aurka nor baino nor lehiatzen dutenak? Komunikabideek gehiago baloratu behar gaituzte.

Guk merezimenduz lortutakoei garrantzia emango balitzaie, bidea erraztuko ligukete babesleak bilatzerako orduan, taldeak sortzerakoan…

Beraz, hemendik zorionak eman nahi dizkiot Laia Sanzi, orain zortzigarren tokian sailkatuta dagoelako; eta lasterketa ez da amaitu oraindik… Bere ilusio, gogo eta indar guztiak podiumera sailkatzeko giltza ematen badio… bejondeiola!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!