Baina beste kategorietan zer gertatu da? Ez dakit inoiz konturatu zareten, baina Munduko edo Europako txapelketak zein Olinpiar Jokoak direnean, proba antolatu duen nazioko kirolariek beti domina bat baino gehiago irabazten dute, orokorrean; Ponferradan, ordea, ez da hori gertatu. Kategoria gazteak ikusita, neskek eta mutilek oso maila ona eman dute, baina podiumetik urrun. Euren ilusioak eta prestaketak segur aski asko mimatu dituzte, eta %200 eman dute pedalkada guztietan. Seguru nago!
Baina hemendik bi-hiru urtera Valverde, Purito, Contador... erretiratzen direnean, zer? Noiz hasiko dira umeekin lan egiten? Eurak dira gure etorkizuna, eta zergatik ez dute eurekin beste nazioen antzera lan egiten? Danimarka, Norvegia, Suedia, Italia, Alemania... betiko herrialdeak dira, eta gu zer? Non daude erakundeak? Non dago federazioa? Non daude laguntzak? Hemendik bost urtera ikusiko dugu zer gertatzen den. Orduan bai komeriak. Gazteak dira gure etorkizuna, eta eurekin lan egin behar da. Altuago esan dezaket, baina argiago ez!