Baina urtea bukatu orduko, nork bere managerrarekin talde guztiei atea jotzen hasi ziren. Orduan agertu zen hala moduzko talde txiletar bat. Bertara hiru txirrindulari euskaldun batu ziren, eta baita beste hainbeste espaiñiar ere. Ilusioz beterik, maleta egin, eta Txilera joan ziren.
Eta bertan zer aurkitu zuten? Oraindik bizikletak prestatu gabe. Arropak bazituzten, aurkezpena ere egin zuten, eta managerra zela esaten zuena txirrindulari guztiekin bertan argazkiak ateratzen. Baina etxera heldu eta hileko nominak pasatu behar zirenean, ez zegoen dirurik. Taldea UCIn inskribituta zegoen, baina ez zegoen nominarik, ez bizikletarik txirrindularientzat. Nola ulertu hori? Zer da hori, ordea? Egunak joan ahala, jakin genuen managerra omen zena, ez zela managerra, beste lagunen bat ei zela; eta txarrena da sponsorrak eman behar zuen diru guztiaren arrastorik ere ez zegoela! Ezta managerraren beraren arrastorik ere!
Gure euskaldunak, maletak hartu, eta burumakur etxera bueltatu dira. Ez dakite ezer, ez taldea aurrera irtengo den, ez entrenatu behar duten, ez zer geratuko den. Hau ere krisia al da? Edo iruzurra? Non daude guri antzina erakutsi zizkiguten ohorea, leialtasuna, eta zuzena izatea? Non daude gaur egun horrelako pertsonak? Zelan baimendu daitezke iruzur horiek? Zigorrik gabe eurek nahi dutena egiten utzi behar zaie? Zer justizia daukagu? Zer pertsona klase bihurtu gara? Anbizioa? Iruzurra? Gezurra? Zer mundu da hau?