Inmunitatea

Erabiltzailearen aurpegia Ekaitz Herrera 2020ko mai. 15a, 11:14

Ekonomia Biziberritze Plana, Industria Suspertzeko Programa, Berrikuntza Estrategikorako Poloa, Renove Plana, Ingurugiroa Eraldatzeko Marko Iraunkorra, Jasangarritasunerako Ganbera, Merkataritzaren sostengurako diru-laguntza zuzenen aholkularitza batzordea, Kirolaren Proiekziorako Bilgune Koiunturala, Kulturaren Garapen Osatu baterako Txostena, Basque is the new sexy Foundation, Eraldaketarako Batzorde Teknikoa, Turismo Eragileen Anaitasuna, Mugaz Gaindiko Eurohirien Elkargoa.

Ez ote diren denak lexikoaren kosmetikaz apaindutako tresnak. Tanatorioan ikusgai egon ohi diren gorpuek nola, makillaje edulkoratua darabiltenak. Eta berba ponpoxo horien atzean ez ote dagoen helburu bakar bat: orain arteko egitura sozioekonomikoa perfekzionatzen segitzea.

Ezkerreko egituretan ere asko dira aldez aurretik muntatutako egiturak. Eta autokritika eginda, ez ote gabiltzan zerbaitetan huts egiten. Ez ote gabiltzan gure inguru hurbila eraldatzeko taldeak sortzen, baina gure buruak eta ohiturak aldatu barik. Neoliberalismo deituriko horrek indibidualismoa ekarri badigu, akaso, balizko neosozialismo edo neoanarkismo baten erantzunak ere horrelakoa izan behar du: indibiduala. Bakoitza bere kontsumo ohitura eraldatzaileen ministro. Pertsonen arteko harreman berritzaileen sailburu. Kultura kritikoaren diputatu. Akaso bataren eta bestearen batuketarekin hasiko da inguru hurbila eraldatzen. Artaldearen inmunitatea hor ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!