Durangoko II. BookTrailer Lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia BizentaMogelBiblio 2018ko urt. 25a, 12:43

Lehiaketaren lehenengo edizioan izandako arrakasta dela eta -67 gaztek parte hartu zuten eta 24 bideo aurkeztu ziren- Bizenta Mogel Bibliotekak eta Udaleko Inmigrazio eta Kultura sailek Durangoko II. Book Trailer Lehiaketa antolatu dute.

Book Trailer Lehiaketa gazteen artean balioak eta irakurzaletasuna sustatzeko helburua duen hezkuntza proiektu bat da. 12 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta, liburuen laburpena aurkezteko bideoak egiteko prozesua baliatuz, asmoa da gazteak errealitate desberdinetara hurbiltzea, elkarrizketarako, analisirako eta ulermen kritikorako gaitasuna garatzea, eta baita enpatia eta arrazoibide morala ere. Halaber, unibertsaltzat hartzen diren jarrera eta balioak garatzeko ekimen egokia dela esan daiteke.   

 Lehiaketaren bigarren edizio honetarako aukeratu diren gaiak izango dira gerrak eragindako migrazio mugimenduak eta kultura-artekotasuneko testuinguruetan sortzen den elkarbizitza. Mugimendu migratzaileez hausnartzeko gune bat sortu gura dugu; gizarte zibilarengan eragina duten eta oinarrizko giza eskubideen urraketa larriak eragiten dituzten munduko gatazka armatuen ondorioz sortzen diren mugimenduez, hain zuzen ere. Halaber, bakearen kulturaren oinarrizko printzipioetan sakontzeko asmoa dugu; eta kontzientzia publiko baten alde egin, tolerantzia, kulturen arteko elkarrizketa, elkartasuna eta pertsona guztiek eskubide eta aukera berdinak izatea zein garrantzitsuak diren ikusarazteko. Halaber, Book trailer lehiaketa Durangoko bonbardaketak oroitzeko programan sartzen da, memoria historikoa eta lehen aipatutako baloreak lantzeko.

 Book Trailer lehiaketa honen edizioa apirilaren 9an amaituko da, egun hori izango da azken eguna gazteek lanak entregatzeko. 

Parte hartu nahi duten gazteek banaka edo taldeka (2-3 pertsona) egin ahalko dute, eta adinaren araberako kategoria bi izango dira:

A kategoria: 12-15 urte

B kategoria: 16-20 urte

Bideoak egitea errazagoa izan dadin, oinarrietan zehaztutako 25 liburuko zerrenda eskura izateaz gain -14 euskaraz idatzitakoak eta 11 gaztelaniaz- Durangoko ikastetxeek gela barruan formakuntza tailerrak egiteko aukera izango dute, sormen prozesuan laguntzeko, teknikak landu eta tresnak emateko.  

Eskolatik kanpo parte hartu nahi duen edonorentzat, Bizenta Mogel Bibliotekan bi tailer burutuko dira, otsailaren 2an eta 10ean, dohainik izango dira. Izena bibliotekan bertan eman behar da.

Sari banaketa apirilean burutuko da, bi kategorietako talde irabazleei 300 € emango zaizkie. Halaber, euskarazko bideo onenari sari berezia emango zaio: abentura kamera bat taldekide bakoitzarentzat. Azkenik, sari banaketa ekitaldia ikustera joan den publikoak emandako saria ere banatuko da: Durangoko Hitz liburu-dendan erosteko 50 euroko bonoa.

 Informazioa jasotzeko edo tailerretan parte hartzeko mezua bidali behar da  durangobooktrailer@gmail.com helbidera.

 

 

 

 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!