DURANGOKO I. BOOK TRAILER LEHIAKETA: BIDEOAK AURKEZTEKO EPEA LUZATU DA

Erabiltzailearen aurpegia BizentaMogelBiblio 2017ko mar. 10a, 15:31

Durangoko lehen Book Trailer lehiaketa bere azken fasera heltzen dabil; apirilaren 2an izango da sari-banaketa. Plateruena Kafe Antzokian egingo da ekitaldia, eta Aneguria rapera bizkaitarrak aurkeztuko du.

Trailerrak aurkezteko epea martxoaren 17ra arte luzatu da. Ordura arte gazteek euren lanak bidali ahalko dituzte helbide elektroniko honetara:  durangobooktrailer@gmail.com.
Trailerrak baloratzeko lana hiru gazte sortzailerena izango da: Irati Eguren ilustratzailea, Danele Sarriugarte idazlea eta Eneko Sagardoy aktorea. Epaimahaikideek irizpide teknikoen eta pedagogikoen arabera baloratuko dituzte lanak: aukeratutako liburuaren ulermena eta transmisioa; irakurleen interesa lortzeko gaitasuna; irudien, ahotsen, eta soinuaren edizioa; gidoi egokia eta storyboard-a; sormena…. Irizpide horiek kontuan hartuta, bi kategoria hauetako irabazleak aukeratuko dituzte: 

 A kategoria: 12-15 urte.
 B kategoria: 16-20 urte.

Book Trailer Lehiaketa gizarte- eta hezkuntza-alorreko proiektua da, eta berau antolatzen elkarlanean dabiltza Bizenta Mogel Biblioteka eta Durangoko Udaleko kultura eta immigrazio sailak. Ekimena 12 eta 20 urte arteko gazteei zuzenduta dago, eta lehiaketaren helburua da sortze eta parte hartze artistikoaren bidez gazteen artean balioetan oinarritutako hezkuntza eta irakurzaletasuna bultzatzea.
Lehiaketako lehen edizio honetarako, gatazka armatuen inguruko gaiak aukeratu ditugu: gerrak, gerretatik ihesi egindako migrazioak, jazarpen-egoerak, giza eskubideen urraketak eta kulturartekotasuna. Hori dela eta, ekimen hau Durangoko bonbardaketaren 80.urteurreneko oroimen ekitaldien baitan kokatzen da.
Urtarrilean eta otsailean, lehiaketa hezkuntza arlora gerturatzeko asmoz, proiektuaren aurkezpenak egin dira Durangoko ikastetxeetan. Horrela, Nevers, Frai Juan Zumarraga, Jesuitak eta San Antonio-Santa Ritako DBHko ikasleek tailerretan parte hartu dute. Tailer horietan booktrailerrak egiteko baliabideak eta tresna teknologikoak probatu ahal izan dituzte, horrela, bideoak planifikatu eta burutzeko prozesua errazagoa izateko.
Aipatutako ikastetxeetako ikasleez gain, beste 30 bat gaztek Bizenta Mogel Bibliotekan antolatu diren tailerretan parte hartu dute otsailean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!