Kontseiluak dei egin die euskaltzaleei, otsailaren 28ko manifestazioan parte har dezaten. ‘Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara!’ lemapean abiatuko dira Donostiako Gipuzkoa plazatik, arratsaldeko 17:30ean.
Espainiako zein Frantziako estatuek traba ugari jarri dizkie Euskal Herriko hainbat administraziok euskaraz bizitzeko egin duten hautuari. Frantziako gobernuak Ipar Euskal Herrian duen ordezkariak auzitara eraman du euskara hizkuntza ofizial izendatzeko Uztaritzeko Herriko Etxeak hartutako erabakia. Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak ere helegiteak eta errekerimenduak ipini dizkie zenbait udalerriri, euskaraz bizi ahal izateko neurriak hartzearren. Halaber, Nafarroako Gobernuak helegitea jarri dio Baztango Udalari, euskara plana dela-eta.
Neurri horiek, zalantza barik, atzerapauso handiak dira euskara normaltzeko bidean. Horregatik, oztopoak salatu, eta hizkuntza-politika ausartak martxan jarri dituzten horiek babestuko ditugu zapatuko manifestazioan. Berbaro Elkartea bertan izango da. Zu ere bai?