Egunotan bolo-bolo dabilen gaia da Munduko txapelketan ikurriña ateratzeagatik Bixintxo Bilbao trinketistak jaso duen zigorrarena. Izan ere, Euskal Pilotaren Nazioarteko Federankuntzak (EPNF) ikurra erakusteagatik Bixintxok arauak hautsi zituela ebatzi eta urtebetez nazioarteko txapelketak jokatzea debekatu baitzion pilotari lapurtarrari. Erabaki guztiz salagarria, beste behin erakusten duena herri eta selekzio bezala zapalduta nahi gaituztela eta horren aurkako edozein altxamenduren aurrean debekuaren eta inposaketaren indarra erabiltzeko prest dagoela, bai trinketista zein beste edozein kirolariren aurka.
Baina, zer dago guzti honen atzean? Ikurriña bandera soil bat da, trapu bat; honek ezkutatzen duena da benetan salatu beharrekoa: euskal selekzioak nazioarteko txapelketak jokatzeko duen debekua, eta Bartzelonan jokatu den Munduko Txapelketan parte hartu duten pilotari euskaldunek ez dute gure selekzioa ordezkatu: Espainia eta Frantziako selekzioak ordezkatu dituzte. Tamalez, oraindik ez dugu ofizialtasuna lortu, nahiz eta nazioarteko pilota federakuntzak “euskal” hitza bere izendapenean daraman, eta gure herriko pilotariak beste selekzio batzuk ordezkatuz parte hartu dute Mundialean. Baina ez ditu inork behartu.
Ugariak izaten ari dira Bixintxo Bilbao jasotzen ari den elkartasun eta babes mezuak, baina mezu hauen egileak ez dira konturatzen (edo ez dute konturatu nahi) folklore soila den ekintza selekzio arrotzarekin jokatu izanaren ondorio bat dela. Frantziako ezkutua paparrean josita eta bozgorailuetarik “La Marsellesa” entzuten zen bitartean ikurriña ateratzeagatik abertzale sutsuenen txalo zaparradak nonahi, eta bitartean, selekzio hauei uko egin diotenak bazter batean ahaztuta. Ezin dugu ahaztu, azkenik zigorra kentzearen saria trinketistak Frantziako selekzioaren jokatzen jarraitu ahal izatea dela. Honekin, bukatu al dira aldarrikapena eta elkartasuna?
Euskaldunok Frantziako zein Espainiako selekzioarekin jokatzeak, hauek gure selekzioa zapaltzeko dituzten arrazoiak indartzea besterik ez da. “Zertarako aitortu ofizialtasuna Euskal Herriari, bertako pilotariak gure selekzioarekin jokatzen badute?”. A ze pagotxa, pentsatuko dute. Eta hori ez da podiumean ikurriña ateratzearekin konpontzen, hori gure iparraldeko eta hegoaldeko estatuen selekzioei planto eginez eta kantxetan euskal selekzioaren kamiseta (ez soilik MPBk edo CIJBek antolatutako txapelketetan, baita FIPV edo beste nazioarteko erakundek antolatutakoetan ere) jantziz soilik lortzen da, helburu indibidualistei uko eginez eta konpromiso kolektiboetan oinarrituz.
Gureak ez diren selekzioekin parte hartzea euskal selekzioak pairatzen duen zapalkuntza normalizatzea besterik ez da, herri bezala nazioartean jokatzeko ditugun aukerak urritzea eta arazo politiko (bai, politiko) hau betikotzea. Ze ikurriña debekatzea erabaki politikoa izan da, txikiak handiari eztul egin diolako haserre jartzea; baina eztul egitearekin bakarrik ez dugu apenas ezer egiten. Bada beste aukera bat; bada kamiseta zuri, gorri eta berde bat kantxa, trinkete eta toki guztietan jantzi beharrekoa azkenik hainbeste amesten dugun ofizialtasuna lortu nahi badugu. Gurea Euskal Selekzioa!