Abenduaren 9an emango diote hasiera Abadiñon aurtengo Elkartasun Egunei. Urtero bezala, euskal preso eta iheslarien eskubideak aldarrikatzeko egitarau zabal bat antolatu dute, bi eguneko iraupena izango duena. Ostiral honetan "Preso eta iheslariak Euskal Herrian aske" lemapean konzentrazioa burutuko dute Matienan 20:00etan.
Ondoren Zalduerreka elkartean pintxo-potea izango dute bertara hurbiltzen direnek eta egunari amaiera emateko bertso-saio eder bat izango da, 22:00etan. Bertan Jon Maia, Miren Amuriza, Sustrai Colina eta Aitor Bizkarrak parte hartuko dute, Endika Zarrabeitia izango dutelarik gai-jartzaile.
Abenduaren 10ean,berriz, Zelaietan ospatuko dira ekimen gehienak. 12:00etan kalejira izango da Muntsaratzetik hasita. Eguerdian bazkaria egingo dute Probalekuan eta honen ostean, ekitaldia eta bingo musikalean parte hartzeko aukera izango da. Hauek bukatzean, Txapito Guzman elektrotxarangak auzoko kaleak alaituko ditu eta amaitzeko, kontzertuak izango dira Gaztetxean 22.00etan: Kohatu, Skover, Baske Street Boys eta DJ Alus.