Asteburu honetan, euskal preso eta iheslarien aldeko "Elkartasun egunak" Abadiñon

Erabiltzailearen aurpegia Asier Aspuru 2014ko abe. 8a, 21:48

Urtero bezala, neguko hotzaren etorrerarekin batera, euskal preso eta iheslariei berotasuna helarazteko ekimenak antolatu dituzte Abadiñon. Abenduaren 12 eta 13rako egitarau oparoa osatu dute herritarrek.

Gabon garaian urtero antolatzen duten bezala, aurten ere Abadiñoko herritarrek "Elkartasun asteburua" antolatu dute. Egun hauek antolatzearen helburua euskal preso eta iheslariei elkartasuna adierazi eta urtarrilaren 10ean hauen eskubideen alde Bilbon egingo den manifestazioaren deialdia egitea izango da. Horrez gain, dispertsioa eta orokorrean, giza eskubideen urraketaren problematika gizarteratzea eta herritarren partehatzea ere bilatuko dira, horretarako antolatuko diren ekimen ezberdinen bitartez.

 

Abenduaren 12an, ostirala, esku pilota profesionala izango da Matienako frontoian. Lehenengo Larunbe eta Iturriaga arituko dira lau`terdikoan. Ondoren, Berasaluze eta Beginok aurrean izango dituzte Danel Elezkano eta Ibai Zabala. Pablitoren bigarren partidua izango da ezkerreko hankako lesioaren ostean, baina aurrean izango duen Ibai Zabalak ez dizkio gauzak erraz jarriko, gogotsu arituko da eta ikusle bezala izango dituen lagun eta ezagun guztien artean. Larunbat goizean auzo-martxa bat egongo da, Txanporta plazan hasi eta Matienako frontoian bukatuko dena. 14:30etan bertso-bazkaria Sustrai Colina eta Beñat Ugartetxearekin, arratsaldean zehar mus eta brika txapelketak eta hauek bukatzean, trikipoteoa Matiena auzoko kaleetatik. Egunari amaiera emateko, kontzertuak egongo dira Zalduerrekan (lehengo Motxoian): The Mockers, Baske Street Boys eta erromeria.

 

Azkenik, gogoratu beharra dago bertso-bazkarirako ticketak salgai daudela Tabena Zarra, Mesoia, Tipi-Tapak eta Abarkateruena tabernetan. Egitaraua oparoa eta adin guztientzakoa izanik, antolatzaileek espero dute Abadiñoko herritarrek (eta baita beste herri batzuetatik datozenak ere) antolatu diren ekimenetan parte hartzea eta guztien artean giro eder bat sortzea.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!