Aste luzeetako lana heldu da bere amaierara. Euskal presoek pairatzen duten sakabanaketa krudel horren salaketa frontoietara zabaltzeko egitasmoa martxan jarri zen momentutik, argi izan genuen Abadiñon ere ezin zela horrelako txapelketa bat falta. Herri honetan pilotariak ez dira gutxi, borrokalariak ere ez, eta pilotakadaz pilotakadaz dispertsioarekin betirako bukatzeko eskuetan takoak jarri eta lanean hasi ginen ilusioz gainezka. Baziren urteak ez zela herritar guztientzat pilota bigunarekin eta palaz txapelketa bat antolatzen, eta egia esan, ez zaigu motibo hobeagorik okurritzen berriz ere pilotari gogor eman eta frontoiak jendez betetzeko, guztiak etxera ekartzea baino.
Martxoan hasi ginen lanean, lehenengo Durangaldeko beste herri batzuekin arau orokor batzuk adostu eta ondoren horiek bakoitzan bere herrian aplikatzeko. Denbora galdu gabe, herritarrei aukera eman genien bai eskuz eta bai palaz apuntatzeko eta hauek ez duten aukera baztertu. Guztira 14 bikotek eman zuten “Pilotakadaz pilotakada” txapelketan izena, nahiz eta horietariko batek ezin izan zuen azkenean parte hartu, lesio bat zela medio. Beraz, bagenituen pilotariak, antolatzaileak ere prest eta gogoa ez zenez sekula faltatzen, txapelketari hasiera eman genion apirilaren lehenengo asteetan. Lehenik eta behin ligatxoak egitea pentsatu genuen, horrela pilotari guztiek izango zuten hainbat partidu jokatzen aukera, eta bide batez, Abadiñoko frontoian elkartasuna adierazteko aukera gehiago izango genuen. Mota hauetako txapelketetan gertatzen den bezala, partidu batzuek ez zuten emozio handirik izan, baina beste batzuk pilotarien bihotzak ederki bizkortu zituzten, sailkatzeko aukerak jokoan zituzten kasuetan batez ere. Beraz, apirilean ligatxoetako partiduak egitea izan zen gure helburua eta bai finalaurreko eta finalak maiatzerako uztea, modu horretan herriko San Trokaz jaien barruan antolatzeko.
Finalaurrekoetan ez zen egon sorpresa handirik. Faboritoek bere lana ondo burutu eta finalerako sailkapena lortu zuten, hori bai, izerdia ondo aterata kasu batzuetan. Alde batetik, eskuzko pilotaz jokatu ziren finalaurrekoetan Atxa/Urrutia eta Azkarraga/Lasuen bikoteek lortu zuten maiatzaren 24ko zita handirako txartela, hurrenez hurren, Otxo/Meli eta Urkiol/Jon Denda bikoteen aurka nagusitasuna erakutsi ostean. Bestalde, palako partiduetan Azkarraga/Inhar eta Hibai/Tino izan ziren nagusi, kasu honetan Itsaso/Ainhoa eta Igor/Larraitz bikoteen aurka garaipen sendoak lortuta. Nabarmentzekoa da partidu guztietan, eta ez finalaurrekoetan bakarrik, kamiseta zuria jantzi eta izerdia botatzeko erakutsi duten gogoa, eta hori bai dela benetan eskertzekoa.
Beraz, finalerako partiduak iragarrita zeuden eta heldu zen eguna. Herriko jaiak, larunbata eta frontoia gainezka. Etxeraten kamisetak jarri eta gogor ekin zioten lau pilotariek eskuetan pala hartu eta pilotari gogor astintzeari. Nahiz eta Azkarraga eta Inharrek ondo ekin zioten, Matienako bikoteak ondo eutsi zion partiduri eta markagailuan hurbiltzea lortu zuten. Esan beharra dago ere Azkarragak kolpe bat hartu zuela eta horrek asko mugatu zuela bere lana, baina honek ezin dio kendu meriturik aurkarien lanari. Esan daiteke txapelketako partidu gogorrena eta emozio handiena izan zuena palako finala izan zela, eta hori asko eskertu zuten bertaratu ziren ikusleek. Azkenean, faborito argiak zirenak tanto bakar bategatik (22-21) ezin izan zuten txapela euren etxeetara eraman eta bigarren postuarekin konformatu behar izan ziren.
Eskuzko finaletan, ordea, irabazteko hautagai nagusiak zirenak ez zuten hutsik egin, baina esan beharra dago, aurreko partiduan lesionatu zen Azkarragak ezin izan zuela final honetan parte hartu (bi finaletara heldu zen) eta bere ordez Otxok ekin ziola. Hasieratik argi geratu zen Atxa eta Urrutia indartsuagoak zirela eta hori azken markagailuan isladatuta geratu zen (22-10). Azken hau emozio gutxiko partidua izan zen, baina amaiera polita izan zuen txapelketak. Kartzelatik atera berri den Eneko Zarrabeitiaren gurasoak izan ziren azken sariak ematen, eta haien aurpegietan sumatzen zen poztasuna ez zegoen ezergatik aldatzerik. Azken momentu horregatik bakarrik balitz ere merezi izango zukeen txapelketa antolatzeak, baina egia esan, momentu asko izan dira politak, nahiz eta ez den dena bide erraza izan. Orain Durangaldeko eta Bizkaiako sailkatze-faseak jokatu beharko dituzte Abadiñon garaile izan direnak.
Laburpen bezala, Abadiñok euskal preso eta iheslari guztiak etxean izateko dituen gogoak frontoian sumatu ziren, pilotakada bakoitzean sakabanaketa krudel horren kilometro bat laburtu genuen, zaletuen berotasunak barrote guztiak zeharkatu zituen eta argi geratu zen maite ditugunekiko maitasuna ezingo dutela inoiz gelditu, herri honen indarra ezingo dutela sekula ahuldu. Txapelketa bukatu bada ere, ez gara helmugara heldu; bidean aurrera egin eta denon artean egoera honi bukaera eman behar diogu, eta emango diogu. Zorionak garaileei, eskerrik asko txapelketan parte hartu edota lagundu duzuenoi eta nola ez, EUSKAL PRESO ETA IHESLARIAK ETXERA!
(Hemen finaleko argazki guztiak: https://drive.google.com/folderview?id=0B7hesQ7tRpRtQnhRV3dJd1VVUTg&usp=drive_web)