Abadiñoko "Pilotakadaz pilotakada" txapelketako finalak, larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Asier Aspuru 2014ko mai. 19a, 23:40

Finalaurrekoetako faboritoak iragarpenak bete eta final handirako sailkatzea lortu zuten. Larunbatean jokatuko dira Abadiñoko frontoian, 19:30etatik aurrera, frontenis maratoia bukatu ostean.

Heldu da Abadiñoko "Pilotakadaz pilotakada" txapelketa bere azken egunera. Aste askotako lana, urduritasunak eta pozak, tentsioa eta gogoak, garaipenak eta porrotak... denetarik izan dugu eskuz eta palaz jokatu diren partiduetan. Beti ere, presente izan dugu ekimen honen helburua: euskal preso politikoek pairatzen duten sakabanaketaren salaketa Euskal Herriko frontoietara zabaltzea kirol herrikoi honen bitartez, eta gure kasuan lortu dugu. Partaideek, eta baita ikusleek ere, argi izan dute hasieratik zein zen txapelketaren nondik norakoa, eta hau ahaztu gabe guztion artean borroka eta kirola modu egoki eta polit batean uztartzea lortu dugu.

 

 Pasa den asteburuan, ostiralean zehazki, finalaurrekoak jokatu ziren Zelaietako frontoian. Faboritoek beraien lanak ondo egin zituzten eta ez zen sorpresarik egon. Esan beharra dago eskuzko partiduak palaz jokatuko zirenak baino gogorragoak izan zirela, baina orokorrean, markagailuek argi uzten dute nortzuk ziren egun horretako aurkari gogorrenak. Finala jokatuko duten pilotariak zoriontzea besterik ez da geratzen, baina garaileak txapelketan parte hartu duten pilotari guztiak izan dira zalatzarik gabe. Hemen uzten dizkizuegu aste honetako emaitzak:

 

Azkarraga/Lasuen 22-14 Urkiol/Jon Denda (eskuz)

Atxa/Urrutia 22-12 Otxo/Meli (eskuz)

Azkarraga/Inhar 22-1 Itsaso/Ainhoa (palaz)

Tino/Hibai 22-4 Larraitz/Ainhoa (palaz)

 

FINALAK LARUNBATEAN, MAIATZAK 24, ABADIÑON 19:30ETAN:

1º Tino/Hibai - Azkarraga/Inhar (palaz)

2º Azkarraga/Lasuen - Atxa/Urrutia (eskuz)

 

Besterik gabe, larunbatean Abadiñoko San Trokaz jaietara etortzeko gonbitea egiten dizuegu, eta nola ez, arratsaldean frontoira hurbiltzeko proposamena luzatu. Espero dugu egun horretan frontoian jendetza biltzea, bai pilotariak animatzeko eta baita ere euskal preso eta iheslari guztiekiko elkartasuna adierazteko. Eskerrik asko txapelketan parte hartu duzuen guztioi, hau posible izateko lan egin duten pertsonei eta zaletuei ere, denok artean denak etxean izatea lortuko dugu!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!