Bizitza bere bidean aurrera doala ikusten dut. Bizitzak kilometroak egiten ditu, baina ni geldirik pausatzen naiz atzerantz noanaren irudipena emanez, nagoen lekuan pauso faltsuak eman eta aurrera egiten ez dudala ikusiz. Denak aurrera begira duten bitartean, nik momentu hori aprobetxatzen dut atzera begira jartzeko, eta ez dakit zergatik. Agian nahigabe egiten dudan zerbait da, baina berdin du, atzerantz begira egoten jarraitzen dut. Eta atzera begira ez banago, gora begira harrapatuko nauzue, baina sekula ez aurrera begira. Atzera begira eta geldi, beraz. Aurrera begira daudenak pausu bat eman eta bidean aurrera egiten dute, bestaldera begira gaudenok ez gara ausartzen ezta pausu hori ematen ere, nora joko dugun ez dakigu eta. Pixkat mugitu ezkero, bidetik aterako garen beldurra izaten dugu askotan, inoiz bidetik atera gara eta pauso txiki eta bakar bat eman dugun bakoitzean, eta horregatik gauden tokian geldirik geratzen gara. Eta nik galdetzen dut: geldirik gauden toki horretan ba ote gaude bidearen barruan, edo bidetik kanpo bizi gara eman ez ditugun pausuen erruz eta ez gara konturatzen? Edota urrunago joanda, bidearen kanpoan gaudela jakinik ere, ez ote diogu beldurra bidean sartzeari?
Bizitzari begiratzen diogu eta agur esan, geltokirik ez duen tren bat balitz bezala. Gure aurretik pasatzen da eta ez gara ohartzen, edo ohartzen gara baina lehen bezala, beste aldera begira harrapatzen gaitu, ihes egiten duen tren horren soinua itzaltzen doala entzuten dugun bitartean. Badakigu trenbidea non dagoen, baina ez gara bertan pausatzen, alde batetik bestera ibiltzen gara noraezean. Geltokiz geltoki bestela, baina geltoki batera iristen garen bakoitzean, trenak iada ihes egin du, honek ez baitu geltokirik. Zelan hartu, bada, geltokirik ez duen trena? Ezinezkoa da, guk geuk geldiarazten ez badugu. Eta geldiaraztea lortzen badugu ere, barrura sartzeko atea bilatzen hasten garenean konturatzen gara bagoi horrek ez duela aterik, bagoi bakarra dela sartzeko biderik ez duena. Trena geldirik dagoela aprobetxatuz, gainontzeko bagoiak miatzen hasten gara ditxosozko ate hori noiz aurkituko zain, eta txoko guztiak begiratzen ditugun bitartean, azkenean ate txiki bat aurkitzen dugu. Baina ezin gara sartu. Ateak sarraila du, eta gu giltzarik gabe gaude. Orduan, trenak berriz ere martxa hartu eta ihes egiten du, amaierarik gabeko bide horretan, eta berriz ere geldirik gaude, baina oraingoan ez gaude atzera begira, lehen bezala, orain aurrera begira gaude. Hala ere, nahiz eta begirada ondo kokatuta izan, trena betirako nola desagertzen ikusteko besterik ez digu balio.
Bizitzari begiratzen diogu, eta oraingoan, berak agur esaten digu. Atzera egon gara lehenengo, bidean sartzeko beldurrez; aurrera egon gara ondoren, trenak nola ihes egiten duen ikusteko; baina oraingoan gora begira harrapatu gaitu. Goian, bakar-bakarrik, hodei bat ikusteko balio izan digu behintzat. Eta hodeiari begiratu diogunean ikusi dugu hau ere mugitu egiten dela, baina norantz mugitzen da? Aurrera, atzera… ez dakigu norantza doan eta berak ere ez daki, baina mugitzen da behintzat. Gu geldirik gaude. Badaki mugitu beharra duela eta ez dio beldurrik horri, ez dio beldurrik beste hodei batzuekin talka egin edo zeru urdina besterik ez dagoen lurraldera ihes egiteari. Lehenengo aukera bada, handiagoa bilakatuko da eta bere bidean indartsuago jarraituko du, baina bestela, denboraren eraginez desegiten joango da, betirako desagertuz. Bitartean, gora begira eta geldirik jarraitzen dugu guk. Hodeiak bere aukera egin du, baina bidean aurrera egiten duen bitartean desegiten doala ikusi dugu gora begira gauden horiek, eta poztu egin gara. Poztu egin gara mugitu dena desagertu delako, geldirik gaudenok bere horretan jarraitzen dugun bitartean.
Ametsetan nengoela bidea, trena eta hodeia agertu zaizkit gaur gauean, nire ametsaren protagonista ni neu nintzelarik. Amets horretan murgildurik nengoela, hasieran bide bat ikusi eta bertatik aurrera egitera ausartu naiz, nahiz eta ez jakin nora eramango nauen. Txikia eta kaxkarra zen bidea, baina pausuak aurrera eman ditut eta azkenean horrek geltoki batera iristeko balio izan dit. Geltoki horretan ez zegoen inor, neu bakarrik, baina bapatean zarata bat entzun, buelta eman eta tren bat zetorrela ikusi dut. Nire aurrean gelditu da. Bagoi ugari bai, baina ate bakarra zuen. Atea irekitzera noala, ate hori irekitzeko giltza nire eskuan zegoela ohartu eta trenean sartu naiz bitan pentsatu gabe, honek hurrengo geltokirako martxa abiatu duelarik. Barruan noala, zeruan hodei txiki bat ikusi dut, gure norabide berean zihoana. Hodeia ere ez zegoen geldirik. Gu bezala, aurrerako martxan beste hodei batzuengana hurbildu da, bakardadetik ihes egitea lortu duelarik. Hau nire ametsa izan da; errealitatean ez dut biderik aurkitu, trenak ihes egin dit eta hodeiak ur-tanta txikietan bilakatu dira, negar malkoak balira bezala.