Heriotza, beldurra eta zoriontasuna

Erabiltzailearen aurpegia Asier Aspuru 2014ko mar. 23a, 21:24

Beldurren erruz, askotan zoriontasunak alde egiten du, keak eskuetatik alde egiten duen bezala. Zoriontasun horretatik banatzen gaituzten mugak gainditzeko beldur gara. Ezagutzen dugun iluntasuna nahiago izaten dugu ezazaguna den argitasuna baino. Zoriontasunari beldurra diogu.

Artikulu honen izenburua irakurtzean, askok pentsatuko duzue heriotzak gizakiarengan beldurra eragiten duela kontatzera etorri naizela, baina ez. Seguraski zoriontasuna hor agertzeak ere pixkat bat despistatu zaituzte. Gezurra esango nuke heriotzak beldurra ematen duela ukatuko banu, baina gaurkoan ez dut horretaz hitzegingo. Ezta nahi ere. Ausartuko nintzake esaten, humiltasun osoz, idatzi honen bukaeran heriotza beldurraren sendagai bat bezala ikusiko duzuela, edo behintzat, hori izango da nire helburua. Heriotza zoriontasunaren lagun bezala ikustea. Zehaztu nahiko nuke, nire hitzekin ez dudala dramatikoa izan nahi, beste ikuspuntu bat soilik planteatu nahi dut; askok agian sekula planteatu ez duzuena eta alternatiba gisa mahai gainean jartzera etorri naizena.

 

Hasteko, beldurra testuinguru batean planteatu nahiko nuke, gauzak garbiago ikusteko. Modu askotara sentitu daiteke beldurra: armiarmei panikoa izatea, III. Mundu Gerra posible baten kezka izatea… baina nik ondorengoa aztertu nahiko nuke sakonki: zoriontsu izateari diogun beldurra. Hasiera batean kontraesan bat dirudi: nola izan diezaiokegu beldurra zoriontasunari, ezta? Denok nahi dugu zoriontsu izan, baina helburu hori lortzeko bidea egiten zaigu zaila. Batzuetan bide hori bilatu ere ez dugu egiten, bide faltsuetatik ekiten diogu zoriontasuna harrapatzeari, eta noski, okerreko bidetik ezinezkoa da helmuga zuzenera ailegatzea.Bizitzako helburu nagusia zoriontsu izatea izan beharko litzake, baina egia esan, denbora gutxi eskeintzen diogu helburu hau lortzeko tresnak garatzeari. Batzutan, ustez garrantzia handiagoko kontuak direla eta ez dugulako denborarik, beste batzuetan, bide hori hartzeko trabak aurkitzen ditugula eta traba horiek gainditu beharrean, bidea bera alde batera uzten dugulako.

 

Zehazki, zerk mugatzen du kasu askotan bide egoki hori ez hartzea? Beldurrak berak. Erabaki bat hartzeak izan ditzakeen ondorio negatiboen beldurrak, arriskuaren beldurrak, besteek esango dutenaren beldurra, helburua bera ez lortzeko beldurrak; azken finean eta laburtuz, huts egiteko beldurrak. Beldur nazkagarria. Honen atzean argitasuna dagoela jakin arren, iluntasunean trabatuta geratzera behartzen gaituen hori. Baina ez gara ausartzen langa hori gainditzera. Gehienez langa horretara igotzera ausartu, atzean dagoena amestu eta berriz atzera egiten dugu, berriz ere iluntasunean pausatzen gara. Kontzeptua beraz, argi daukagu honezkero. Bada, arazoa identifikatuta dugularik, beste galdera bat planteatzeko garaia heldu da: nola aurre egin zoriontasuna lortzeko muga handienetariko bateri, beldurrari alegia?

 

Arazo honi buruz hausnarketa egiterakoan, motibazio estrategiak garatzen dituen Emilio Duró etorri zait burura. Eta bai, hemen sartzen da behingoz heriotzaren kontzeptua, beldurraren aurkako agente gisa erabiliko duguna, harrigarria izan arren. Emilo Duró-ren arabera, beldurra gainditzeko era efektiboena honen existentzian pentsatzea da. Heriotza bada beldur handiena eragiten duena gizakiarengan, horrek baino beldur gutxiago ematen duen oro egiteko edo gauzatzeko ausardia izan beharko genuke. Bizitza mugatua dela pentsatzeak, edozer gauza egiteko ausardia, pentsatzen duguna esateko kemena, arriskuak hartzeko balentria eman beharko liguke, teorian behintzat. Askotan entzun diet adineko pertsonei esaten, iada beraien adinean ez zaiela inporta pentsatzen dutena edozeinen aurrean esatea, eta honek erlazio zuzena du aurrean azaldutakoarekin.

 

Zahartzaroan bai, baina gazteak garenean heriotza urrunegi ikusten dugu, edo hobeto esanda, ez dugu apenas ikusten. Existitzen dela badakigu, baina era berean, ez da existitzen. Beraz, ez dugu erabiltzen gure beldurrak gainditzeko arma gisa. Noizbait dena amaitu behar dela pentsatzeak, ausardia eman beharko liguke zoriontasunetik aldentzen gaituzten muga guzti horiek gainditzeko. Egia da pixka bat tragikoa ematen duela honi buruz hitzegitea, baina ez al da tragikoagoa beldurren erruz bizitzan zehar zoriontasuna aldentzen doala ikustea? Adibide gisa, jarri dezagun bihar mundua bukatzen dela eta gaurko eguna zure bizitzako azkena izango dela. Egun horretan, nahi duzun guztia egitera ausatuko zinake, maite duzun pertsonari maite duzula aitortuko zenioke, zu zeu izateko kemena izango zenuke. Orduan, zergatik ez dugu erabiliko teknika hau gure egunerokotasunean? Badakit esatea erreza dela, baina gauzatzea oso zaila. Ni neu ere, ez naiz teknika hau nire bizitzan aplikatzeko gai, nahiz eta oso erabilgarria iruditzen zaidan. Eta ni bezala, ziur nago nire adineko jendea ere ez dela izango gaur idatzi dudana bihartik aurrera praktikan jartzeko. Hau jakinda, gogoetarako galdera polit bat okurritzen zait: beldur gehiago al diogu zoriontasunari, heriotzari berari baino?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!