Kirola egitea, bai gaztaroan zein zahartzaroan, beharrezkoa dela pentsatzen duen horietariko bat naiz. Osasuntsua izateaz gain, jende berria ezagutu eta lagunak egiteko modu aparta da, baina gaurkoan praktika honetan ematen den aspektu garrantzitsuenetariko bat jorratu nahiko nuke: kiroleko baloreak. Izan ere, pilotan jokatzea ez da harri bati eskuarekin jotzea bakarrik, ezta txirrindularitza pedalei soilik astintzea ere; aurkariari errespetua izatea, bikotearekiko elkartasuna adieraztea eta beste hainbat aspektu ere, kirolaren barruan sartzen dira. Honi lotuta, orain dela egun batzuk esku pilotaren munduan eman den gertakizun bat aztertu nahiko nuke.
Pilota profesionalean azken urtea jokatzen ari den Titin III.ak Markinako pilotalekuan epailearekin izan zuen jarrera aipatzekoa dela iruditzen zait. Bere ustez, pilotakada batek ez omen zuen txapan jo (errepikapenean ikusi zenez gainera, txapan jo zuen bere dejadak), eta horren kexuz, epaileari jarrera lotsagarri eta iraingarri batean hurbildu zitzaion. Errioxarrak pilotari eman dion guztia kalkulaezina bada ere, azkenaldian hainbat izan dira oso kritikagarriak diren jarrerak, frontoi barruan erakutsi ezin direnak. Hala ere, kritika pertsonal horretan sartu baino, kirola praktikatzen duten gazteengan horrelako jarrerek duten eragina da gehien kezkatzen nauena. Pilotari txiki askorentzat, Titin eredua izan da eta izaten jarraitzen du, frontoi barruan eta baita kanpoan ere; bada, eredua izanik, gazte horiek ez al dute Markinan ikusitakoa errepikatuko beraien partiduak jokatzen dituztenean? Ez al dute beraien eredua denaren eredua jarraituko hemendik aurrera? Azken finean, profesional bat ikusi dute hori egiten, beraiek miresten duten profesional bat.
Iruditzen zait (ez pilotan bakarrik), kirol guztietan baloreak oso gutxi lantzen direla, gutxiegi agian. Kirol horretan hobetzea, partiduak irabaztea eta ondo pasatzeari ematen zaio garrantzia, baina guzti horrek suposatzen duena, dena batzen dituena, horiek praktikan jartzean izaten diren jarrerak dira. Esan beharra dago ere, kirolari hasi berrien hezkuntza horretan ez dagoela errudun bakarra, asko direla hauen jokaeran eragina duten agenteak: gurasoak, entrenatzaileak, kirolari profesionalak... eta guzti hauen eraginak jasotzen dituztela gazteek. Beraz, guztion lana izan behar da kirolaren barruan baloreak jorratzea; teknika, fisikoa eta taktikez aparte, horiek ere kontuan hartu eta lan pixka bat horretara bideratzea. Eta zein izango litzateke, ondo egindako lan guzti honen emaitza? Ba, adibidez, Markinan eman zen espektakuluaren aurrean gazteek jarrera horiek kritikatu eta txarto daudela beraien kabuz jakitea. Tamalez, lehenengo aurrerapausoa ematea dagokien horiek izaten dira, atzerapauso handienak ematen dituztenak.