Bizi bitez gugan Plateruena eta etorriko direnak

Kito. Amaitzear da 18 urteko ibilbide ederra eta gogorra. Badago zer ospatu, zer gogoratu eta badago zer hausnartu ere. Kultura hauspotu du Plateruenak bere ibilbidean, Durangotik eta Euskal Herri osora. Hiltegi zahar bat zena hartu, eta euskara erdigunean zuen aterpea izan da urteotan.

Zikloaren amaiera pandemia betean heldu da, eta orain, euskararen komunitatea are hauskorragoa dela agerian utzi du honek. 11.000tik gora plateru, eta, hala ere, ezin. “Bonberenea, Plateruena, Hale Bedi eta... (Bilboko Kafe Antzokia, Psilocybe, Ttattola, Astra...)” Beuderen melodiagaz Berri Txarrakek euskal kulturgintzaren biriketako batzuk zerrendatu zituen. Ez dira denak, baina horietariko bakoitza da beharrezko. Beude gugan horiek, eta baita beste guztiak ere, herri hau ez itotzeko, arnasarik barik ez geratzeko.

Atzo agurtu ziren plateruak, etorkizuneko egitasmo berrietan parte hartzeko gogoa erakutsita. Eta hor dago gakoa: gogoa, lana eta ekimena. Izan ere, orainik barik ez dago ez iraganik ez gerorik. Plateruenak ondare itzela utziko du Durangon zein Euskal Herrian. Zelan baliatu hori? Zein da urratu beharreko bidea?

Eraikin ederra  izango du Durangoko Udalak herritarren esku ipini dezan. Hori gutxi ez, eta kulturgintzarako eta herrigintzarako eredua ere baditugu, Plateruenatik jasoak: herritarra eta profesionala, euskalduna eta kultur anitza, kritikoa eta bizizalea. Euskal kultura bultzatuko duen proiektu berri bati ekiteko aukera hau ezin da alferrik galdu.

Bego kultura, eta bizi bitez gugan Plateruena eta etorriko direnak!

“Ez diamante, ez perla, ez urregorririk. Alegrantzia baino ez dago hoberik”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!