Hil berezia ei da abendua. Ez da sekula samurra denboraren orratzetan ez makurtzea, nostalgiaz blaitzea. Lurtar bati aditu nion behin azaroko egunak tristeak direla, hildakoak oroitzeko egun batekin hasten dela, eta gero denbora hutsik pasatzen dela, lore guztiak zimelduz doazen heinean. Betea da, ordea, abendua; edo betearazia.
Egoerak eztanda egiten du, lehertzen da burbuila aurpegian eta hasten gara uger egiten euskarazko egun guztietatik Durangoko Azokako estasira, olatutik uholdera, erauntsiaren erdian zutik, gu geu garelako erauntsia bera. Eta, aurten, ufara hauspotuko duen finala; eskuz eta hankaz dardara hedatuko da Barakaldotik mundura. Gero, bidxamonak eta ajeak pasatuta, bakoitza bere beirazko kutxan gotortuta umetan bahitutako kilkerrak bezala, kaosaren zantzurik ez agerian. Puntu gorenetik hesitu bako amildegietara, bere baitara erortzen den putzua bezala; helmugari baino ez diogulako begiratzen, beti ortzemugari, bidea bera bitartekotasunera mugatuz.
Botila ez dago erdi beteta edo erdi hutsik, zuloa du eta ez dakit, bada, adabakia jartzea den irtenbidea, sarbidea.
Udagoienari ostu dizkiodan orbelekin oroitzen ditut abenduan lurrera deituak izan direnak, batez ere Mikel, Xabier eta Madiba; armak eta hitzak, hitzak iskilu, berbek ez dute oinazearen zauria orbaintzen, baina eramangarri egiten dute.