"Gogor ein". Hitz horiekin animatzen gaituztenetik errazagoa da irribarre batekin aurrera jarraitzea. Badakigu burbuila batean sarrarazitakoak garela, ekuazio guztietako x, eta taberna klandestinoetan erresistentziako kantak xuxurlatu zituztenak oroitzen ditugula, bizi gabekoaren txingar artetik kea baino zerbait gehiago berpiztuz.
Konturatu ginen, ikasketak ez direla ideiak kontsumitzea, baizik horiek sortzea; giza historiaren gehiengo zabalean askatasunaz berba egin dela, hura zehaztera iritsi gabe, baina norbait libre dela ikustean denok beldurtzen garela. Oraindik konturatzen gara utopia ortzemuga bezalakoa dela, berarengana hurbiltzen zaren heinean bera urrundu egiten da, eta horregatik balio duela oinez jarraitzeko. Honengatik guztiagatik eta zerbait gehiagorengatik tinko eutsi genion geure izateari, eta hitz egiten segitzen dugu, zeresana ematen; mintzatuz ere ahantz baitaiteke, isilduz adina.
Badirudi batzuetan ulertuak ez izatearen etsipenak itotzen gaituela, eta halakoetan beste alde hark idatzitakoa berrabesten dugu: “Sasiek loreak estali orduko itzuliko zinela zin egin zenigun, eta azken aldian masustak baino ez ditugu ikusten, haien azpian, ezkutuan zimeltzen hasitako petaloak; itxaroteaz nazkatu diren erle langileak, jada gure loreak zurrupatzera ez datozenak.”
Zeru utopiko harekin amets egiten dinagu hodeien itxurak irudikatzean, zaukagun bizitza onartzen ikasi dinagu. Aska hitzan lokarriak, eta goazen orbel gorrien zirrikituetatik; hel nazan eskutik eta bizkor hadi, zubiak eraitsi aurretik pasatuko dinagu ibaia, eta tabako-orria errez literaturaz mintzatuko gaitun harantzagokoekin.