Kapitalismoak bihurtu ditu benetako erantzule ez direnak ikasleen pasibotasunaren errudun. Irakasleak. Hezkuntza da oinarria, eta ixilik egoten irakasten digute, ez baitituzte iraultzaile edo pentsatzaileak nahi, muga bateraino pentsatzen dutenak baino: kurtsoko programa da sortzearen kontinentea, gure itsasertzetik are gehiago urruntzen duen tsunamia.
Orokortzea ez da zilegi baina uste al duzu zure irakasleek iraultzaile, pentsatzaile edo sortzaile izan zaitezen interesik badutela? Begiratu nork egin dituen zabalik dituzun liburuak, eta Errusian Stalinen diktadura baino ez dizute aipatuko, ez dizkizute Leninen ideiak erakutsiko, badaezpada. Ikasi komunismo, sozialismo edo anarkismo kontzeptuak, baina ez ezazu jakin zer diren. Horrela zikindu dira ideia horien benetako funtsak, pegata batzuk jarri eta kokaina sartu arren ez baita jendea anarkista, askok hori haren kontra egiteko aitzakiatzat hartzen badu ere.
Ez dut uste irakasleen errua denik pasibotasun hau, inkontzienteki eta inertziaz egiten dutela pentsatu nahi dut; baina konplize ere badira neurri batean. Horregatik ez dugu askok gelara joatea gogo onez hartzen, eta nahiago dugu aditzak ikasi baino mugarik gabe pentsatu, “si vis pacem para bellum” zer den esan diezagutela. Sortzea delitu soziala da, eta mehatxuekin kontrolatzen gaituzte, badaezpada ez dezagun borroka egin, eta sinetsi dezagun zapalduta bizi arren, azken orduan eskerrak emango ditugula.