Domekan, maiatzaren 11an, ospatuko da Zornotzako II. Umeen Dantzari Eguna. Udabarri Euskal Dantzari Taldeak antolatutako jaialdiak 300 ume bilduko ditu. Durangaldeko dantza taldeak izango dira nagusi: Berrizko Iremiñe eta San Lorentzo, Abadiñoko Talde Batuak eta Iluntze, Elorrioko Besaide, Mañariako Andra Mari, Ermuako Txindurri eta Durangoko Txoritxu Alai, Tronperri eta Kriskitin. Horiez gain, Gernikako Elai Alai dantza taldeak ere hartuko du parte.
Bizkaiko dantzak izango dira nagusi, eta dantzariek bi erakustaldi egingo dituzte. Goizeko 12etan Zelaieta parketik abiatuko da kalejira, Zornotzako Udazken txistulari taldearekin batera. Herriko kaleetan dantzan egin ondoren, gazteenak bazkaltzera joango dira, etxe eta txokoetara. Arratsaldeko ekitaldia izango da eguna borobilduko duena. Herriko plazan elkartuko dira partaide guztiak, eta 17.30etatik aurrera emanaldia eskainiko dute, egunari bukaera emanez.