Guk aurre egin eta geldiarazi behar ditugu gorrotozko diskurtsoak, jarrera arrazisten adierazpidea direlako, eta, era berean, gutxitu behar ditugu sare sozialetan duten onarpen maila. Horixe da 2019. urteko Arrazismoaren kontrako Asteak duen helburu nagusia.
Ekimen horren barruan, datorren ostegunean, Redes contra el odio: Estrategias para combatir el discurso de odio en las redes sociales (Gorrotoaren kontrako sareak: Estrategiak sare sozialetan gorrotozko diskurtsoari aurre egiteko) hitzaldia eta Cuando la red no es social (Sarea soziala ez denean) dokumentala eskainiko dituzte. Haien bidez, hausnarketa egin nahi dugu, informazioa partekatzeko eta komunikatzeko forma berri hauek ez ote duten gorrotoa areago sustatzen gure bizitzetan. Dokumentalean, kolektibo ahuletakoak diren lagun batzuek "hater"ekin —sare sozialetako gorrotatzaile profesionalekin— izandako esperientzia kontatzen dute.
Izan ere, sare sozialak babes ezin hobea dira tankera horretako pertsonentzat eta alderdi politikoentzat, eta gizatxar horiek nahi bezala mugitzen dira espazio horietan.