Gure adinekoak asko inporta zaizkigu

Erabiltzailearen aurpegia Pilar Rios Ramos 2019ko ots. 1a, 08:30

Urterik urte, gero eta adineko pertsona gehiago dago gure udalerrian. Gaur egun, 60 urtetik gorako pertsonak biztanleriaren %25 dira, 1.933 lagunek dituzte 80 urte edo gehiago, eta haietatik %64 emakumeak.

Denak saiatzen dira ahalik eta denbora gehiagoz autonomo izaten, beren etxeetan bizitzen, egoitzetara edo senideen etxeetara jo behar gabe. Are gehiago emakumeak. Gure lana da desira hori ahalik eta modurik egokienean betetzea. Sarri sumatzen dugu ez dagoela familiako sarerik, edo sarea ez dela behar bezain hurbila. Beraz, pertsona asko bakarrik daude edo ia bakarrik. Eta ohartzen gara pertsona horiek gabeziak dituztela nutrizio aldetik. Abian jarri genuen jantokiko zerbitzuarekin, erantzuna eman nahi diegu bi beharrizan horiei.

Orain, taxi-zerbitzu bat prestatzen ari gara, adinekoak edo mugitzeko arazoak dituztenak zerbitzu publikoetara gerturatzeko, edo bankuko tramiteak eta bestelakoak egiteko. Behar diren kudeaketak egin ditugu, Durangok ibilgailu egokitua izan dezan, gainerako taxiekin bezala, zerbitzu hori eskaintzeko. Hedadura gehiagoko udalerrien esperientzia hurbilak ditugu, landa-auzoak erdigunera hurbiltzeko egindako saioak.

Horrez gain, psikomotrizitateko tailerrak eraman ditugu auzoetara. Eta, aldizka, bisita egiten diegu gure adinekoei, haien etxeetan suteen detektagailuak jartzeko. Gainera, horrek aukera ematen digu beste beharrizan batzuk aurkitzeko, eta horiei ere erantzuna ematen saiatzen gara. Adi egoten gara etengabe, haien ongizatea zaintzen, gure adinekoak asko inporta zaizkigulako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!