Hala ere, gure ahaleginak alferrikakoak izango dira. gizarteko estamentu guztiak horretan engaiatzen ez badira. Hain zuzen, Durangoko gizonak eta emakumeak. Aintzatesten eta aintzatetsiko ditugun pertsona eta erakunde horiek jarraitzeko moduko ereduak dira, lortu nahi dugun berdintasunean oinarritutako gizartera hurbiltzeko. Nahi genuke haien eredua inspirazioa izan dadin beste batzuentzat.
Oro har, gizarteko esparru askotakoak dira, eta modu desberdinetan egiten diote aurre indarkeria matxistari. Batzuek zuzenean egiten dute, programa berezien bidez. Beste batzuk, berriz, lanean aritzen dira berdintasunarekin aurrera egiteko, hau da, gaitz honekin bukatzeko guztiz eraginkorra den zeharkako bide batetik joz. Izan ere, indarkeria mota honek generoko desparekotasunean errotzen ditu sustraiak.
Prestakuntzako zentro batzuk nabarmendu nahi ditugu, Generoko Indarkeriaren kontrako Herritarren Ituneko jardueretan inplikatzen direlako eta neke gabe lan egiten dutelako ikastetxeetan aukera-berdintasunaren alde. Benetan eskertu nahi dugu zentroetako irakasleen inplikazioa, planak landu eta berdintasunean oinarritutako jolas-guneak eraiki dituztelako, nesken eta mutilen artean bereizketarik egin gabe, eta, horrela, erabilera partekatua izateko bide emanez. Era berean, kirol-taldeek egindako lana nabarmendu nahi dugu. Besteak beste, generoko estereotipoekin hautsi, eta emakumeen erreferenteak eskaini dizkigute, orain arte maskulinotzat hartu diren kiroletan. Eskerrak ematen dizkiegu, bidea erraztu dutelako emakumeak toki gehiagotan agerian egon gaitezen.
Azkenik, ez dugu osasun-zerbitzu publikoa ahaztu nahi, inplikazio handiz jokatu duelako, emakumeen mutilazio genitalari aurrea hartzeko eta hautemateko lanean, eta, oro har, indarkeriaren biktima diren emakumeei harrera egiten eta haiek artatzen.