Geu Be, Río de Oro eta Síndrome de Angelman elkarteek eta Durangoko Udalaren Gizarte Ekintza Arloak hartu zuten jardunaldia antolatzeko ardura, baina gero hainbat erakundek bat egin zuten haiekin. Besteak beste, Más Curvas taldekoek motoan buelta bat egitea eskaini zuten; Gorabidek boccia partidak antolatu zituen; Dukiena zentro hipikoak zaldi-ibilbideak eskaini zituen; Bizidun elkartea bastoiak nola erabili irakasten aritu zen…
Hainbat elkartek informazio mahaiak antolatu zituzten: Asebi (arantza bifidoa), Begizare, Stop Accidentes, La cuadrilla del Hospi, Río de Oro, Bizidun eta Geu Be elkarteek. Bazkalorduan, eskualdeko txokoek eta gastronomia-elkarteek prestatutako paella gozoak dastatu ahal izan genituen, bai eta postreen lehiaketan parte hartutako tartak ere -lehiaketako epaimahaikide izateko zortea izan nuen-.
Oso egun berezia izan zen, eta ederto pasatu genuen Landako Gunean, lagunez inguratuta. Egutegian nabarmentzeko moduko eguna izan zen.
Ez dakit Durango bezalako udalerririk egongo den, hain kalitate handiko hainbeste elkarterekin, inplikatzeko eta astialdian bidezko auzien alde lan egiteko prest dauden hainbeste lagunekin. Harro sentitu nintzen berriz neure herriaz, hain konprometitua eta solidarioa den Durango udalerriaz. Zalantzarik gabe, hori da hori gaitasuna!