Bortxaketa da!

Erabiltzailearen aurpegia Pilar Rios Ramos 2018ko mai. 5a, 08:30

Joan den martxoaren 8an, milioika emakume atera ginen kaleetara, genero-desparekotasuna salatzera. Inflexio-puntua izan zen, berdintasuna lortzeko egiten ari garen borrokan. Matxismoaren kontrako aldarri ozen horren ondoren, nekeza zen irudikatzea botere judizialak entzungor egingo ziela oihu horiei, eta sekula irakurri dugun epairik okerrenetako bat emango zuenik. Epaiak ez du bortxaketa aipatzen, eufemismoak erabiltzen ditu, eta onartu gabeko sexua hutsaltzen du.

Zutabe honetako 1.500 karaktereak ez dira aski Otso-saldoaren epaiak eragin dizkigun amorrua, sumindura, haserrea, babesgabetasuna, kezka... ezintasuna jasotzeko.

Biktimak salaketa jarri zuen lehenengo egunetik, epaileek epaitu egin zuten. Adituek proba psikologikoak egin zizkioten, haren adierazpenaren egiazkotasuna zehazteko. Defentsaren jazarpena jasan zuen, zalantzan jarri nahi baitzituzten haren ohiturak. Zentzugabekeria hutsa. Bortxatzaileek, berriz, ez zuten horrelakorik jaso.
Kasu honetan oso gaizki jokatu da, eta premiazko bi betebehar ditugu aurrean. Lehenik, Zigor Kodeak behar bezala jaso behar du sinatu dugun Istanbulgo Hitzarmenak zehazten duena, hau da, onartu gabeko sexua bortxaketa dela, tartean indarkeria egon zein ez egon. Bigarrenik, epaileek beren burua egokitu behar dutela, eta genero-ikuspegia eta biktimarekiko enpatia hartu behar dituztela aintzat legea interpretatzerakoan.
Nire ustez, epai hau eman ondoren, Otso-saldoaren epaileak eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia konplizeak izango dira hurrengo eraso matxistak, abusuak edo bortxaketak direnean, eta epaitu beharko lituzkete horregatik.

Ez da abusua, bortxaketa da!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!