Indarkeria matxista eta sistema patriarkala salatzeaz gain, agerian jarri nahi da emakumeak geldituz gero herrialde osoa geldituko dela. Bestalde, bereziki nabarmendu nahi dira emakumeek dituzten zamak, eta alternatiba feminista sortu nahi da.
Ez da bakarrik laneko greba izango. Emakumeek funtsezko zeregina duten eremu guztietan eragin nahi da, esate baterako, zaintza-lanetan, kontsumoan eta ikasleen esparruan.
Deialdia ez da unitarioa; sindikatuek dei desberdinak egin dituzte. Besteak beste, txandaka 4 orduko deialdiak EAEn eta Nafarroan, 24 orduko greba, edota txandaka 2 orduko geldialdiak Estatuan nagusi diren sindikatuek deituta.
Argi dago greba nabarituko dela, Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak jarriko baititu, greba guztietan bezala.
Nik, emakumea naizen aldetik, bat egingo dut grebarekin, eta ordezkari politikoa eta Durangoko Udaleko alkateordea naizen aldetik, dei egiten diet Durangoko emakume guztiei beste horrenbeste egin dezaten.
Era asko daude parte hartzeko. Esate baterako, laneko eta ikasleen geldialdiekin bat eginda, edo Durangon izango diren mobilizazioetara joanda. Hainbat ekintza izango dira, eta, azkenean, manifestazioa egingo da, 19:00etan Andra Maritik irtenda.
Egun horretarako deitutako ekintzen bidez, emakumeek egiten duten lana nabarmentzea espero dut, eta emakumeek dituzten zama desberdinez hausnarketa piztea, batez ere etxeko eta zaintzako lanetan. Helburua bidea zabaltzea da, gizartea bidezkoagoa izan dadin, eta zeregin horiek guztion ardura izan daitezen.