Herri Akordioa

Erabiltzailearen aurpegia Pilar Rios Ramos 2017ko urr. 13a, 08:30

Emakumeek ondotxo dakigu zer den sexu-erasoa jasatea. Ia denek jasaten dugu mota horretako erasoren bat gure bizitzako une batean edo bestean. Gainera, emakumeen aurkako indarkeria giza eskubideen urraketarik dramatikoena eta ohikoena da. Horregatik, hori konpontzeak pertsona guztien ardura izan behar du.

Durangon, Udalaren Gizarte Ekintza Sailak indarkeria matxistaren aurkako Herri Ituna bultzatu zuen iaz, garaitsu honetan. Elkarte, saltoki eta ikastetxe ugari bildu ziren haren inguruan. Herri-itun horri esker, nahi genuena lortu genuen, hau da, herritarren buruan sartzea arazo horren erantzukizuna partekatua dela. San Faustoak igaro ondoren, ituna ez zen tiradera batean ahaztuta geratu. Lanean jarraitu dugu, pertsona eta entitate gehiago tartean sartzeko, eta oinarri soziala zabaltzea lortu dugu.

Errazagoa da erasoak geldiaraztea, gizarte osoak konpromisoa hartzen badu emakumeen eskubideak defendatzeko, arazo polizial hutsa dela pentsatu beharrean. Zehatzago esanda, emakumeek espazio publikoa askatasun eta segurtasun osoz erabiltzeko duten eskubidea babestu behar da. Horregatik, gonbit egiten dizut akordio honekin bat egin dezazun. Ezinbestekoa da gizarte demokratiko, partaidetzako, solidario eta berdintasunezko bat lortu nahi duten pertsona guztiak batzea. Egin ezazu zugatik, amagatik, ahizpa edo arrebagatik, alabagatik. Durangoko herrian indarkeria matxista betiko desager dadin lortzeko.

Era berean, sexu erasoak gertatu eta gero salatzeaz kokoteraino gaude. Behingoz gelditu nahi ditugu. Deskargatu EraSTOP aplikazioa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!