Indarkeria sarean

Erabiltzailearen aurpegia Pilar Rios Ramos 2017ko eka. 30a, 08:30

Sareko gizarte batean bizi gara, lotu-lotuta eta harremanetan dagoen gizartean. Jende askoren ustez, sare sozialetan, Interneten edo hedabide digitaletan dagoen indarkeria ez da benetako indarkeria. Haien iritziz, birtuala denez, ez da egiazko indarkeria. Hala ere, teknologia berriak deitutakoen eremuan emakumeen kontra dagoen indarkeria landu duten zenbait azterketaren arabera, kontrakoa gertatzen da.

Emakumeak Interneten barneratu eta horri denbora gehiago eskaini ahala, goraka hasten da emakumeen aurkako indarkeria, gero eta nabarmenago. Hortaz, sarean, denik eta matxismorik arriskutsuena eta hilgarriena azaleratzen da. Beste horrenbeste gertatzen da arrazakeriarekin, xenofobiarekin eta homofobiarekin.

Zirkulu feministetan, ondo dakigu zein garrantzitsuak diren Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT); oso baliabide egokia dira aktibismo soziala bultzatzeko eta Interneten izaten den indarkeriari aurre egiteko. Beraz, gure ustez, funtsezkoa da mota horretako prestakuntza ematea Andraguneko Ahalduntze Eskolan.

Argi eta garbi izan behar dugu sareko indarkeria lurralde eta maila sozioekonomiko guztietan azal daitekeela. Herrialde guztietan dago indarkeria-mota hau, gizarte-maila guztietan eta etxe guztietan. Emakume guztiek pairatzen dugu, baina neska gazteak izaten dira kaltetuenak eta ahulenak. Izan ere, haiek dira aktiboenak sare sozialetan. Datuen arabera, Facebook-en eta mugikorretako mezularitzako aplikazioetan agertzen den indarkeria da gehien salatzen dena.

Alabaina, salaketa horiei ez diegu beti beharko luketen arreta ematen. Azken batean, emakumeen kontrako indarkeria, hala digitala nola digitala ez dena, gizonek epaitzen dute gehienetan, eta jasandako kalte fisikoen arabera sailkatzen dute kategorietan.

Justizia ez da gizartea edo teknologia bezain azkar bilakatzen.

Lan handia egin behar dugu, mota honetako indarkeriak emakumeei egiten dien kalte emozionala delitutzat har dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan, kalte emozionala baita nabarmenena eta berehalako eragina baitu eguneroko bizitzan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!