Pobrezia energetikoa ez da esamesa bat, egia hutsa baizik

Erabiltzailearen aurpegia Pilar Rios Ramos 2016ko abe. 23a, 08:46

Txikia nintzenean, Andersenen “Pospolo-saltzaile txikia” zen gogokoen nuen ipuinetako bat, eta, era berean, bera izan zen gehien hunkitu ninduen ipuinetako bat. Pobreziak eta hotzak jota hil zen neskato hura. Larritu egiten ninduen eta negar asko egiten nuen. Ez nuen ulertzen zer dela-eta igarotzen zen jendea haren aurretik, laguntzarik eman gabe.

Orain dela gutxi kontatzen ziguten —eta hau ez da esamesa— Durangon ama batek seme-alabekin batera egiten zuela lo, ohe berean, bero izateko, eta, horrela, lo egin eta atseden hartu ahal izateko. Ondo frogatuta dago emakumeak eta adin txikikoak direla pobreziaren biktima nagusiak.

Urteak eman ditugu biktima horiek babesteko gobernuari eskatzen, eta badirudi azkenean egin egingo duela, hornidura elektrikoa funtsezko zerbitzua dela joko baita.

Gaur egun, Euskadin, Eusko Jaurlaritzak 400.000 euroko aurrekontua du zailtasunak dituzten familiei laguntzeko. Gurutze Gorria arduratzen da hori kudeatzeaz, eta aurten, 1.341 familiari eman die laguntza.

Durangon, udalak, JAEDekin elkarlanean, batez beste 70 familiari ematen die arreta urtean, eta 24.000 euro bideratzen ditu horretarako. Gaur den egunean, Durangok JAED, Caritas eta Gurutze Gorriaren laguntzarekin egiten dio aurre pobrezia energetikoari. Esker oneko hitzak baino ez ditut boluntario horientzat.
Laguntza hori gabe, egoera ahulean dauden familiak biktima ikusezinak izango lirateke, pospolo-saltzaile txikia bezala, inork gutxik gogoratzen duen ipuin triste bateko pertsonaiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!