-Zelan Bartzelonan? Politte?
-Bai, oso politte.
-Nik mundu osuen ziher bidaiatzen dot baña ez dot ezebez bisitetan, zirkuitotik hotelera eta hoteletik zirkuitora.
Beste planeta bateko eskuak edukitzea nahikoa ez eta babesle baten babespean irten behar podiumeko goreneko posturantz. 250 kilometro orduko, munduko zirkuiturik onenetan, amaierako zuzenean, bukaerara heldu baino lehen 0-ra etorri behar izateko galgei tinko zapalduta. Babesle gabe ez dago autorik, auto gabe ez dago lasterketarik eta lasterketarik gabe ez dago ametsik.
IGOR URIEN 1994ko abenduaren 27, Abadiño (Bizkaia)
Padock-etik zehar isilik, badaki bere lana zein den, ez du horretarako besteen gainetik azaldu beharrik. Tentsio uneak dira baina badirudi ez diotela kalterik egiten. Taldekideei laguntzeko beti prest, milesima bakar bat nola kendu aztertzen. Hala ere ateratzen du bera idolotzat duten pertsonentzako denbora, denborarik onenak lortzeko borrokan aritu ondoren duen denbora gutxi hori lagun, familia eta ezagunei eskainiz.
Azken urte honetan lehen GP-a egiteko aukera besterik ez du izan, diru arazoak direla eta. Bere lehen helburua zirkuituetan jarraitzea da, monoplazetan ahal bada. Eta hemen, Montmelòko zirkuituan berekin hitz egiteko aukera izan dugu. DAVracing taldeak urteko azken GP-an parte hartzeko aukera eman baitio. Datorren denboraldiaz ezin du ezer esan, ekipoa pozik geratu da egindako lanarekin eta beraiekin jarraitzeko eskatu diote, baina “babeslerik egon ezean ezinezkoa izango da. Beste kontu bat da beraiek babesle bat lortzen badute, bestela nik ezin dut.”
Babesleetako bat galtzen duzunean mundua gainera etortzen zaizu. Aurten hainbat babesle gogor atzera botatzean ezinbesteko laguntza galdu dugu. Babesle txiki bat erortzen denean zaila izaten da aurrera egitea, baina handi bat erortzen denean ia ezinezkoa.
Azken finean babesten zaituen enpresa publikoa bada, gauzak zailagoak bilakatzen dira dirulaguntza emateko momentuan. Bizitzen ari garen krisialdiarekin, nik lehiatzen jarraitzeko dirurik ez egotea ulertzen dut, ez da posible!
Orain dela lau-bost urte ekipoak beraiek lortzen zituzten sponsor-ak eta pilotuak, dena emaitzekin lotuta zegoen. Emaitza onak zituenak hurrengo denboraldia ziurtatua zuen. “Pilotu askok esan didate kobratzera heldu direla!”. Orain berriz, gauzak asko aldatu dira. Dirua duenak bere kontura korritzen du. Berea ordaindu eta puntu.
Azken finean dena ekonomiarekin lotuta dagoela aitortzen du, lehen erraz lortzen zituzten sponsor-ak, diru horrekin pilotu on bat kontratatzen zuten ekipoa goian ibili zedin eta gelditzen ziren lekuak beste pilotu batzuek betetzen zituzten, diruaren truke. Gaur gaurkoz babesleak bilatzea zailagoa da eta honek pilotuaren balioa bigarren maila batean utzi du, bakoitzaren poltsikoa aurretik jarriaz.
Abadinarrak, bizitza erdia baino gehiago darama lau gurpilen gainean pilotu bezala. 7 urte zituenetik txunditu ditu zirkuituetara hurbiltzen joan diren ikusleak. Jolas modura gogoratzen ditu lasterketa haiek. Garai hartan podiumaren koskak ezagun zituen pilotu gazteak. Challenge Yamaha, Cantabriako txapelketa, Masquekarting txapelketa eta Villarcayoko neguko txapelketa irabazi baitzituen.
Monoplazen mundua oso garestia dela azpimarratzen du, egia dela auto horrek ematen dizkion sentsazioak ez dizkiola beste ezerk emango baina GT lasterketak eta monomarken mundua ere hor dagoela. Bertan autoak konpartituak dira eta hortaz gastuak ere bai. GT-etan adibidez, auto bat probatzeko aukera izan du eta eserleku bat lortzea bideragarria litzateke. Guzti horretaz gain, zirkuituetatik kanpo dauden lasterketak ere ez ditu alde batera uzten, rally-an arituko litzakeela aitortzen du. Hori bai, beti auto baten gainean.
Nik monoplazetan korritu nahi dudan arren eta honen alde babesleak azken egunera arte bilatzen saiatuko naizen arren, situazio honek nire ideiak asko aldatu ditu. Ez da kategoria batekin buru gogortu behar eta gutxiago buru hausteak bakarrik ematen badizkizu. Lehen pentsa ezina egiten zitzaidan, orain lasai nago. Jarraitzen dudala esaten badidate, kristolako emozioa izango dut, baina bitartean lasai. Guzti horretan pentsatu beharren etorkizunaren esperoan nago.
Jende asko Bat formularekin buru gogortu da, psikologiko eta ekonomikoki kontsumitu arte. F1-era iristea ia ezinezkoa da, eta jakin behar da hori norbere gain hartzen. Pilotu mailan badaude beste hainbat modalitate eta hauetaz gozatzen ere jakin behar da. Pilotu bakoitzak bere txokoa bilatu behar du txapelketan. GT mailan adibidez bada korritzeagatik dirua kobratzen ari den mutil bat. Hobe da lasai eta gogoz lastertzea, Bat formulara bidean kontsumitzea baino.
Eta babesleak? Kirol berri bat sortu beharko litzateke. Urte guztia zirkuituari bueltaka ibili beharrean babesle bila ibiltzen zaretenok osatzen duzuen kirol bat. Hori baita zuetako askori gertatzen zaizuena. Denbora gehiago darabilzue babesle bila entrenatzen baino!
Nortzuk dira? Non daude? Nola lortzen dira?
Babesleak lortzeko garaian aita izaten da kableak mugitzen dituena, ezagunek eta lagunek aholkatutako edo laguntza emateko prest egon daitezkeen enpresetara joaten da da gure proiektua azaltzera. Azken finean mugimendu konstantean egon behar zara kontaktuak lortu eta guztiekin harremanetan jartzeko.
Kontaktua egindakoan aita eta biok hurbiltzen gara enpresetara gure dosierra presentatzera, bertan korrituko den denboraldirako proiektua azaltzen da eta denboraldi horretan korritu nahi diren lasterketa kopurua, baita horretarako beharko den diru kopurua. Bestalde enpresarentzako zein onura dituen ere azaltzen da, zein telebista kanaletan agertuko den eta antzekoak. Enpresak berak determinatu dezan proiektuaren eramangarritasuna eta errentagarritasuna.
Azkenean kontaktu pilo bat behar dira, ahoz-ahokoak asko laguntzen du, zure auzokidearen belarritik enpresa baten zuzendariaren belarrira mezua iritsi dadin.
Iaz “Bizkaialde”k babestu ninduen. Bizkaialde Bizkaiko enpresen laguntzarekin osatzen den fundazio bat da, ondoren hauek erabakitzen dute dirulaguntza hori nola kudeatu eta nori eman. Zuk babeslearekin kontratu bat firmatzen duzu, eta bertan zuk egin behar dituzun betebeharrak eta beraiek eskainitako laguntza agertzen da.
Betebeharrak aipatzen ditudanean ekitaldi ezberdinetaz ari naiz, enpresa bakoitzak bereak ezartzen ditu. Beste babesleetako bat adibidez AL-KO da eta hauek enpresaren urteurrenean, bertan, autoarekin egoteko eskatu ziguten. Dugun beste babesleetako bat AIC da eta hauekin ere egin dugu ekitaldirenbat. Beti pozik egiten dugun lan bat da, hau baita konpetizioarekin dugun lotura.
Begiraleak erne zeuden eta emaitza horiekin laster izan zituen GP4 batekin test batzuk egiteko edo eta F3 bat probatzeko aukera. 2010. urteko denboraldi hartan Emilio de Villotak Igorren balioa ikusi eta Open formula sub 18-n lastertzeko aukera eman zion. Villotak bazekien aukera nori ematen zion, txapela eraman baitzuen goreneko eskailera konkistatuaz.
Babesleak bilatzearen borroka horretan datorren denboraldia amets bat bezala begiztatzen da. Inork ez daki non egongo den..
Gehienetan denboraldi bukaeran bizi izaten dut momentu hori: Zer? Datorren urtean jarraituko duzu? Nik dirulaguntzaren arabera izango dela erantzuten diet. Badakite “putada” bat dela. Gehienek hurrengo denboraldia ziurtatuta duten arren, ohituta daude horrelakoak bizitzera. Ez naiz bidean erortzen den lehena. Iaz bi geratu ziren kalean eta aurten beste lau edo bost geratu dira kanpoan. Azken finean normaltzat hartzen dugun kontu bat da. Denak gabiltza “ea GT- etan leku bat bilatzen dudan…”
Parrilako pilotu guztiek dakite denboraldi batek zenbat balio duen, baina kontua kantitate horri aurre egiteko gai zarela jakitea da. Pilotu askok aurrekontu “infinitua” dute eta horrek entrenatzerakoan lasaitasuna ematen die, konpetitzerakoan lasaitasuna ematen die. Aurrekonturik ez baduzu berriz, ardurak besterik ez dituzu buruan. Exijentzia maila izugarri igotzen da, urduritasun horren gainetik, badakizulako jarraitu ahal izateko derrigorrezkoa dela goreneko postuetan geratzea.
Aurreko denboraldia lasai egin nuen, presiorik gabe, baina aurten lehen lasterketa bakarrik eskaini zidaten eta banekien hurrengo lasterketara joateko bidea podium-a zela, honek sortzen dizun presioarekin ez zaude lasai, ezinezkoa da.
Eta nondik dator arazo guzti hau?
Gure kirola minoritarioa da, azken finean telebistan ikusten denak ematen du dirua, eta zer ikusten da gehienbat? Futbola! Ikusten dena dirua da, automobilismoan mugitzen den diru bakarra goi mailako kategoria horretan bakarrik dago, F1 edo DTM bezalako kategorietan, jendeak ikusten dituenetan. Eta hor dago gakoa, asko ikusten bada, dirua duten babesleek kirol horretan inbertituko dute.
Parrilan zaudeten pilotuen interesa eta babesa nabaria da. Zein da beraiekin harremana?
Batez ere taldekoekin egiten duzu harreman ona, beraiekin zaude denbora guztian, beraiekin afaltzen duzu, beraiekin bazkaltzen duzu. Beste taldeetakoekin ez da horren hurbileko harremana izaten, ez bada aurreko urteetan beste talde batean beraiekin egon ez banaiz. Lagun handiak baititut parrillan. Besteak ba bai, ezagunak dira, beraiekin hitz egiten duzu baina ez duzu harreman esturik. Hala ere lagun batek laguntzen duena ez du beste inork laguntzen. Taldeko jendearekin box-ean edo hotelean izan, egindako denborez bakarrik hitz egiten duzu eta horrek ez dizu ehuneko ehunean deskonektatzen uzten.
Batzuetan lagunak hurbiltzen zaizkizu inguruan egiten diren lasterketetara baina badaude bi pertsona beti zurekin daudenak.
Argi dago beraiek gabe ez zela posible izango, ez hastea ezta jarraitzea ere. Etxean ere esfortzu handi bat eskatzen du, bai ekonomikoki eta baita denborari dagokionez. Zirkuitu batera noanean nik lasaitasun berezi bat dut, tontakeria bat dirudi baina ni hara joan eta ez dut inolako ardurarik, ez dut pentsatu behar zeinek daraman autoa edo edozein gauza. Aurtengo lehen lasterketan, bakarrik joan naiz Alemaniara, beraiek ezin baitzuten. Eta asko igarri nuen, beraiek hor badaude lasaitasuna sentitzen dut. Badakizu hor daudela eta edozein gauzetarako prest egongo direla. Esan daiteke manager lana egiten didatela, gurasoak direla jakitearen gehigarriarekin.
Gurasoekin haserretzen zarenean, zer?
Han zure laguntza dira, argi dago haserretu bazara normalean presioagatik, nerbioengatik izango zela. Beraiek, ni han gustura egotea besterik ez dute nahi. Batzuetan gertatzen da haserretzen zarela, baina ondoren konturatzen zara beraiek laguntzearren daudela eta beraz inongo errurik ez dutela.
Gurasoekin konfiantza maila horretaraino helduta, lagun izatea lortzen dute?
Zirkuituetan nirekin egoten den hurbileko jendeaz gain, benetakoak diren lagunak beti botatzen dituzu faltan. Askotan hotelean zaude zure bakardadean eta gustatuko litzaidake koadrilan egotea. Esan beharra dut whatsapp-ak nahiko laguntzen didala harremanetan jartzeko, ez dit hutsune hori betetzen baina eramangarriagoa da. Beraiekin hitz egiten dut eta animatu eta lasaitzen naute.
Villotaren eskutik lehen aukera jaso ondoren, podiumaren gainean utzi dugu Urien. Gorantz bakarrik egin zezakeen. Hurrengo urteetan Espainiako prototipoen Openean eta Radical Masters series etan ibili zen, guztietan emaitza paregabeak lortuz, baina bai ederki sufrituta ere. Ez zaio berehala ahaztuko Kataluniakoa, ia dena galtzeko zorian egon zenekoa. Akabo ia-ia monoplazen ametsa. Baina bolantean erakutsitako maisutasunak salbatu zuen. Eta beste behin ere, Emilio de Villota gurutzatu zen Urienen bidean, Radical-etatik F-3ra salto egiteko.
Radical-etan Europa mailan txapelketa oso bat egiten genuen lehenengo aldia izan zen. Urtea oso ondo joan zitzaigun arazo mekaniko ugari izan genituen arren. Kataluniako azkenengo karreran, lehen txandan, bigarren postua egin nuen eta bigarrenerako zazpigarren postua nahikoa zen txapelketa irabazteko. Hala ere autoaren kaxan arazo bat zela eta, ezin izan nuen box-etik atera. Momentuan amorruak barrenak jaten dizkizu, urte osoa lehenengo edo bigarren postuaren borrokan egon ondoren, autoaren arazo batengatik ezin ezer egitea.. inguruko jendeak ilusio handia izaten du eta oso gogorra izaten da aurre egitea.
Azken finean txapelketan lehenengo edo hirugarren geratu zarela azaltzeak ez du alderik. Baina denboraldi hartan zehar egindako lasterketek balio izan zuten Emilio de Villota taldekoek Abadiñoko pilotu gaztearengan begiak jartzeko. Oraindik ez daki lehenengo postu harekin batera zer galdu zuen. Baina denboraldiaren emaitza onek behintzat lagundu zioten Emilio de Villota taldean sartzen eta diru aldetik ere ondo egoten.
Beste pilotuek aitortu zidaten ez zela justua azken lasterketa batean honela txapela galtzea, txapeldunak berak ere aitortu zidan zapore gazi-gozoko txapela zela.
Azkenean, ordea, iritsi zen eguna. Monoplaza batean, lasterketa ofizial batean.
Bai. Europako F3 Openean izan zen, Copa klasean, eta oso ondo ibili nintzen gainera, Monzan (Italia) irabazi egin nuen, eta txapelketan laugarren gelditu nintzen. Gero, aurten, F3ko A klasean, bederatzigarren egin dut Alemanian. Pentsatuko duzu behar bada sekulako bizipenak izango ditudala, baina ez. Oso pozik nengoen, hori bai, eta oso kontzentratua. Eta emaitzak ere ez dira txarrak izan.
Gizon sakrifikatua, maite duenaren alde dena eman duena, atzera begiratzeari ez dio beldurrik. Bere bideaz ez da damu, egindakoak eginda daude..
Bere karreraren gorenera iristeko bide horretan gauza asko alde batera utzi behar izan ditu pilotu gazteak. “Ezin izan dut lagunekin juergan irten, edo ez duzu zuk nahi adina denbora libre…”, baina karrera eguna iristen denean, autoan sartu eta atzean utzitako gauza horiek emango ez dizkioten gauzak sentitzen ditu, era batera edo bestera guztiaz ezabatuz. Imajinatu zure lagun guztiak antzaretara doazela eta zu entrenatzera joan behar zarela… “es lo que hay”
Behin eta berriz errepikatzen du autoen munduko ibilbibea oso laburra dela, berak bizitza osoa pasako luke gurpil eta motor artean baina badaki horren zailtasunaz. Ez du ez egun horrek ustekabean harrapatuko, berak ingeniaritza mekanikoa ikasten baitu Arrasaten, Mondragon Unibertsitatean. Kirolari eskaintzen dion denborak ez du lan hori errazten baina badago hala ere aurrera jarraitzeko biderik.
Iaz BasqueTeam-en sartu ginen. Haiek eliteko kirolari bezala baloratzen zaituzte eta horrek eskubide eta erraztasun batzuk ematen dizkizu ikasketan laguntzak lortzeko.
Ikasketetan ez dut sekula arazorik izan, ez behintzat praktikatzen dudan kirolagatik. Egia da konpetizioak gehiago eskatzen duen heinean bateraezintasun handiagoa sortzen dela. Hala ere, unibertsitatera iritsi arte arazo hori igarri ez arren, laguntza gutxiago nuen. Institutuan, azterketa bat egiteko arazoren bat baneukan, beste momentu batean egiteko zailtasun gehiago jartzen zizkidaten. Unibertsitatean berriz lehenengo egunetik izan ditut erraztasunak.
Ni ingeniaritza mekanikoa ikasten ari naiz, autoen eta motorraren mundutik oso hurbil dauden ikasketak dira. Hemendik urte batzuetara pilotu modura jarraitu ezin badut, ikasketa hauek mundu horretan jarraitzen lagunduko didate.
Lan munduan ez daude gauzak erraz. Baina kotxe artean ibiltzen garenok, guztiok ezagutzen dugu elkar. Eta badago jendea, pistatik irten eta lan mundura joan dena, baina baita han ezer aurkitu ez eta bueltan pistara itzuli dena ere. Kontaktu asko egiten dira azkenean, han eta hemen, eta jendea laguntzeko prest egoten da.
Ametsa, bidean, errepidean dago. Etsi gabe jarraitzean dago ametsa!