"11 eguneko esperimentua baino askoz gehiago da Euskaraldia"

Erabiltzailearen aurpegia Orue eskola 2018ko abe. 6a, 09:30

Abenduak 4. Amaitu da Euskaraldia. 11 eguneko esperimentu soziolinguistikoari iritsi zaio amaiera.

Nonahi ikusi ditugu AhoBizi eta BelarriPrestak egun hauetan zehar. BelarriTxikiak, BelarriGoxoak, BihotzGoxoak,… tokian-tokiko izena hartu dugu euskararen maitale eta zaindariok.

Orue Eskolan ere izan dugu gure hamaikakoa. Nola ez ba? 11 eguneko esperimentua baino askoz gehiago da Euskaraldia. Ondo dakigu hori. Hala ere, egun hauetako saiakuntzak beste behin ere balio izan digu hezitzaile gisa gure ardatz soziopolitikoak berrikusteko.

Jakina da gizarte esku-hartzearen arloan, -beste batzuetan bezala-, gaztelaniaz lan egiteko joera gailentzen dela. Esparru sozialean lanean diharduten elkarte, erakunde eta gizarte mugimenduek, oro har, ez dutela euskara lehen lerroan jartzen. Behatzea nahikoa da. Zenbat dira bere egunerokotasunean euskararen aldeko apustua egiten duten elkarteak? Ikasleek lantokiko prestakuntza edo praktiken epealdia egin behar dutenean agertzen da lehenengo horma. Izan ere, gehien-gehienetan, esku-hartzea gaztelaniaz egitea izaten da egoerarik “ohikoena edo naturalena”. Euskaraz gizarteratzeko ikasketak egin, eta lan-mundura, zein boluntariotzaren munduan murgiltzean… gaztelaniarekin talka.

Bada, Orue Eskolan, argi dugu: Gizarte esku-hartzean euskaraz aritu eta bizi nahi dugu. Pertsonekin lan egiten dugu, harremanak giltza diren esku-hartzeak diseinatu eta martxan jartzen ditugu. Halabeharrez komunikazioa eguneroko bitartekoa da gure lan-esparruan.

Zergatik esku-hartzea euskaraz egitearen aldeko aldarrikapena? Zergatik tematzen gara gai honekin? Ez zaigu argudiorik falta:

  • Euskal Herrian bizi garelako. Euskal Herrian lan egiten dugulako.  Gure eskubidea delako gure lan-harremanak euskaraz  eraikitzea. Euskaraz ikasten ari garelako. Euskaraz ere lan egin ahal izateko.  Horretan ari gara ahaleginean.
  • Hizkuntza eskubideak etengabe zapalduak diren herrian bizi garelako. Eta profesional gisa, gure eginbehar sozial, politiko, kultural eta etikoa delako eskubideen defentsan jardutea. Egoera zaurgarriak bizi dituzten eta zapalduak diren pertsonekin lan egiten dugu. Zapalkuntza testuinguruetan bizi gara. Bortizkeria jasaten duten pertsonen ahalduntzea gure helburuetako bat izanik, nola ez da ba izango gure ardura profesionala egoera zaurgarrian daukagun hizkuntza zapalkuntza-katetik askatzea? 
  • Aniztasuna aukera gisa hartzen dugulako. Aniztasunak aberastu egiten gaituelako. Euskara ere marraztu behar dugulako aniztasunaren paradigman. Euskara ikusarazi nahi dugulako, errekonozimendutik bere lekua eman nahi diogulako.
  • Gure hezkuntza-praktikaren etengabeko errebisioan, hizkuntza ohituren ikuspegia ere txertatu nahi dugulako. Hezitzaileok behin eta berriro galdegiten diegu gure buruei: Pertsona erdigunean jarri al dugu? Esku-hartzea pertsonalizatua eta koherentea al da? Plano horizontal batean lanean ari al naiz? Nola ari da kanalizatzen boterea nire esku-hartzean? Genero ikuspegiaz blaitzen ari ote naiz nire praktika? … Zenbait galdera ez dira falta profesionalon eguneroko berrikuste eta autokontzientzia prozesuetan. Ez al dugu ba garaia, gure ebaluazio eta kontzientzia irizpideetan hizkuntza ohiturak ere merezi duten lerrora ekartzeko? Aurrean dudan pertsonari euskaraz zuzendu natzaio? Ba al dakit euskaraz ote dakien? Euskarari inklusiorako bitarteko gisa duen balioa aitortu al diot? Ba al dakit aurrean dudana BelarriPresta ote den? Galdetu al diot zein hizkuntzetan sentitzen den erosoen? Euskara bere gizarteratze-prozesurako balio erantsi gisa aintzat hartu al dut? Egin al diot gonbitea euskarazko komunikaziorako?

 

Baina nola egin hau? Nola eman pausoa? Nola ekarri euskara gizarte esku-hartzearen lehen lerrora? Hemendik aurrera ez da AhoBizi eta BelarriPrest txaparik izango paparretan. Gure esku dago ikerketarekin jarraitzea, aurrean dugun pertsonarekin AhoBizi izatea, BelarriPrestak aktibatzea, BelarriGoxoak eta BihotzGoxoak euskararen erabilerara gonbidatzea,…

Hona hemen norbere hezkuntza-praktikan txertatzeko zenbait hausnarketarako-gako edo gomendio: 

-       Euskara erdigunera ekarri. Euskaraz komunikatzeko beharra sortu. Aukerak sortu. Espazioak sortu. Komunikazio espazioetan lekua hartu.  

-       Hizkuntza zaindu: Babestu, maitatu eta erabili.

-       Konplexuak gainditu: Zergatik ez lehen hitza euskaraz? Haurrentzako kanta batek zioen moduan: “Ezezagun bat baldin baduzu mintzakide buruz-buru, egin iezaiozu euskaraz eta, beharbada jakingo du”. 

-       Euskara gizarteratzeko balio gisa ulertu: euskara denona delako. Gure esku-hartze harremanetan balioesten eta erabiltzen ez badugu, aurrean dugun pertsonari adierazten ari gatzaizkio euskara ez dela baliagarria, ez duela zentzurik gure testuinguruetan: ez dela berarentzako.

-       Gure ardura hartu: besteei (erakundeei, esku-hartzen dugun pertsonei) ardura egoztearekin ez dugulako aurrerapausorik egiten. Guk geuk ere badugulako ardura zati bat. Zatirik handiena, ziurrenik. Egin zure hautua!

-       Aldarrikatuz irauli: euskaraz lan egin nahi dugula ozen eta harro adierazi.

 

Bada, has gaitezen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!