Osasun publikoa defendatzen dugunok askotan kexu gara hitzordu bat berandu eman digutelako, proba bat egiteko pribatura bideratzen gaituztelako, herri txiki batean bizi garenez anbulatorioa itxi digutelako e.a. Arazoa premiazkoa edo jasanezina denean, dilema dator: ospitaleko larrialdietara joango gara orduak eta orduak itxaroten egoteko ala mediku pribatu bat ordainduko dugu (ahal duenak), eta jakinda, askok publikoan ere lan egiten dutela (baina hau hurrengo baterako)?
Eta Durangon zer? Osasun publikoko zerbitzuen gabeziari, auto pribaturik ezean (anbulantzia luxua dela dirudielako), garraio publikoan dauden garraio-aldaketak gehitzen zaizkio, itxaronaldia luzatuz (adibidez, Gernika edo Gurutzeta), eta gaixotasun batzuetarako badakigu denbora premiazkoa dela.
Badirudi Eusko Jaurlaritzaren apustua Osakidetza pribatizatzea dela, eta bakoitzarenn osasuna dirutan neurtzea. Baina edozein Herriren ongizaterako, ezinbestekoak dira kalitatezko zerbitzu publiko bi: Osasuna eta Hezkuntza.
Beraz, Sagardui andrea, zer deritzozu “kultur aldaketa” pribatu hori alde batera utzi eta ospitale publiko bat eraikitzen badiguzu Durangon behar eta merezi ditugun zerbitzu publikoak asetzeko? Lurzoru publikoa badaukagu: Fundifes zaharreko lurzoruak.