- “Paper hauek entregatzera nator etxez etxeko laguntza eskatzeko”, edo “informazioa behar dut mugikortasun urriko aparkaleku-txartela eskatzeko”, edo “begira, ezin al diezue kalean lo egiten duten pertsonei aterpetxean ostatu eman hotza datorrenean”?
- Erantzuna: “Parkatu, baina hau Mankomunitatearen eskumena da”.
- Barriro be! Bost axola niri nork daraman? Konpondu eta kitto.
Inor ez gara horrelako haserreetatik kanpo geratzen leihatilaz leihatila bidaltzen gaituztenean. Batik bat, erakunde bakoitzaren zereginak, askotan, ez daudenean argi, bikoiztu egiten direlako edo bete behar dituenak ez dituelako betetzen. Nahaste horren adibidea Amankomunazgoa da.
Durangoko kasuan, milioi bat euro baino gehiago ordaintzen diogu urtero behargintzaren bidez enplegua sustatzeko eta gizarte-zerbitzuak kudeatu ditzan (etxez etxeko laguntza, larrialdietarako laguntza ekonomikoak, biolentzia matxista jasan dutenentzako arreta psikologikoa, mendekotasunaren balorazioa, etxerik gabeko pertsonentzako aterpetxea, etab.). Eta, bitxia bada ere, ez du “EAEn bizitegi-bazterketa larrian dauden pertsonen egoerari buruzko azterlan”-ean parte hartu nahi izan, nahiz eta bere betebeharra izan.
Udalek kontratatutako zerbitzuen kudeaketan zentratu beharrean, EAJk nahiago du komunitate-espiritua baztertu eta Amankomunazgoko estatutuetan ez dagoen zeregin batean zentratu: enpresei laguntza eman.
Beraz, baliteke leihatilaz leihatila berriro ibiltzea