Aniztasuna

Erabiltzailearen aurpegia Neskutz Rodriguez 2022ko urr. 28a, 08:00

Urrian, Gizarte Mugimenduen Herri Unibertsitateak (UPMS) Euskadin egindako lehen topaketan parte hartu nuen. Gizarte-mugimenduen eta unibertsitatearen arteko topaketa bat da, aniztasuna aintzat hartuta, kolektiboki eraikitzeko eta lurralde-erronkei aurre egiteko. Errazago esanda, ekintza kolektiboak antolatzeko zerk zatitzen gaituen eta zerk batzen gaituen pentsatu, partekatu eta alternatibak sortzeko topaleku bat.

Izan ere, batzuetan, bereizten gaituena ez da edukiari dagokiona, hizkerari, hizkuntzari eta borroka-erritmo historiko eta kulturalei dagokiena baizik.

Eta banatzen gaituen horretan eztabaida bat sortu zen, agian deserosoa baina oso beharrezkoa: nola bermatu bakoitzak nahi duen hizkuntzan hitz egiteko duen eskubidea, eta, aldi berean, hizkuntza hori komunikazio-oztopo ez bihurtzea?

Ordu luzez luzatu zen eztabaida izan zen, eta zoritxarrez ez genuen konponbide egokirik aurkitu. Izan ere, hizkuntza, komunikaziorako tresna izateaz gain, balio kulturala eta identitarioa ere bada berez, eta hori bultzatzeko eta mantentzeko egin beharrezko lana ezinbestekoa da. Baina tamalez, eta gustatuko litzaidakeena baino gehiagotan, pertsonen arteko harresi ikusezin bat bihurtzen da, desberdintasunak eta bereizketak sortuz.

Badakit eztabaida deserosoa eta zaila dela askorentzat, baina, zalantzarik gabe, heldu egin behar dioguna, errealitate bat baita gure gizartean eta gure herrian.

Erronkei kolektiboki aurre egin nahi badiegu, aniztasuna islatu egin behar da eta ahots ezberdinak entzun.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!