Diskurtsoaren borroka

Erabiltzailearen aurpegia Neskutz Rodriguez 2022ko ira. 2a, 08:19

Espainiako biztanleen %86k fake news direlakoak sinesten dituzte. Pertsonen %14k baino ez dituzte bereizten eta antzematen engainu horiek.

Uda honetan, Ferrerasen eta Villarejoren arteko informazio faltsuei buruzko audioen filtrazioak ezagutu ditugu. Halaber, egun batzuk geroago, twiterreko argitalpen bat biral bihurtu zen, esanez Arraldeko Udalak seme kutun izendatzen zuela Miguel Angel Blanco tirokatu zuen etakidea.

Horrelako desinformazioa aspaldi piztu zen eta inork aipatzen ez duen gerra baten bi adibide baino ez dira: gerra komunikazio politikoan eta diskurtsoaren borroka.

Badirudi diskurtsoaren aurkako borroka irabaztea dela alderdi politiko batzuen helburua garai hauetan. Izan ere, garrantzitsuena ez da egia, baizik eta emozioetara jotzea eta, horrela, jarreretan eragitea. Alderdi horiek, gehienak eskuindarrak edo ultraeskuindarrak, egia-erdiak zabaltzeko edo egia manipulatuz informazioa ezkutatzeko erabiltzen dituzte komunikabideak eta sare sozialak.

Fake News-ek, desinformazioak, nahasmenak, beldurrak, amorruak, kolpeak,... gizartea ahultzen dute, batez ere hauteskunde garaietan, gerra testuinguruetan edo krisi ekonomiko, sozial edo politikoetan, egungoa kasu.

Gerra guztiak ez dira Ukrainakoa bezala kontatzen. Badira beste gerra subliminal batzuk, hala nola komunikazioko gerra, zuzenean demokraziari eta komunikabideen sinesgarritasunari erasotzen diotenak eta gizarteko zenbait talde ahulen arteko etsaitasuna eta gorrotoa areagotzen dutenak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!