Artikulu honetan, Alde Zaharreko berezitasun batzuk kontatuko dizkizuegu:
Ba al zenekien Andra Maria Basilikako sarrera nagusiaren eskuineko aldeko zoruan “A” masoniko bat dagoela marraztuta? Gainera, elizpeko harriztatzea labirintoa da berez. Jerusalemerako edo Santiagorako erromesaldia irudikatzen duela uste da.
Udaletxera hurbildu eta plazaren zoruan 1857an Durangoko planoa irudikatzen duen plaka bat aurkituko dugu. Barrenkaletik jarraituko dugu Lariz Torreraino. Jauregi honen fatxada gargola ezberdinekin apainduta dago. Bat bereziki deigarria da, sexu-ekintza bat antzezten duelako.
Eta, azkenik, Santa Anara iritsiko gara. Arkuaren hegoaldean Austriarren armarriak grabatuta jarraitzen du. Hau izan zen XVIII. mendean berreraikitzean jarri zen baldintza bakarra.
Hauek dira Durangoren gutizia batzuk, baina badira gehiago ere. Beraz, alda ditzagun betaurrekoak noizean behin, eta beste begirada batekin joan gaitezen Durangora. Eta, nola ez, zuen aurkikuntzak partekatzera animatzen zaituztegu.