Markotik at egindako argazkiak

Erabiltzailearen aurpegia Neskutz Rodriguez 2022ko mai. 6a, 08:45

Noiz eta nola konturatzen zara jada ez zarela hain gaztea? Nahiz eta askok esaten duten adina ez dagoela NANaren zenbakian, bakoitzaren buruan baizik, une batean konturatzen zara urteak joan direla eta jada ez zarela hain gaztetxoa.

Ni konturatu nintzen Athleticeko jokalari batekin topo egin eta ume bat bezala ikusi nuenean. Orduan pentsatu nuen biologikoki nire semea izan zitekeela. 40 urte bete berri nituen eta berak 19 urte izango zituen?

Orduan konturatu nintzen duela 20 urte adin nagusikoa nintzela, eta nola ez, zure gaztaroko istorioak gogoratzen hasten zara. Eta pentsatzen duzu, uff!, nola aldatu den gizartea 20 urtean! Gero, lagunekin topo egiten duzunean, gaia atera eta Goienkaleko poteo eta parranda urteak, lagunekin egindako oporrak eta bizi izan zenituzten pasadizoak gogoratzen dituzue. Eta beti esaldi bera ateratzen da: "Eskerrak orduan ez zirela kameradun mugikorrak existitzen, bestela…”

Guztion artean bizitako, kontatutako eta gogoratutako sentsazio horiek batzen gaituen irribarre zintzoa ateratzen digute. Ez dut ukatzen argazki zaharrak ikusteak ere irribarre hori ateratzen didanik, batzuetan lotsaz, baina beste askotan, argazki edo bideo batek ez du nire buruan oroitzapenekin jositako irudiaren sentsazio bera lortzen.

Nahiz eta mugikorrek bizitza erraztu diguten (gehienetan), momentuaz gozatzea zailtzen digute, grabatuko gaituzten “beldur” garelako edo argazki perfektua ateratzeke gaudelako, markotik ateratzen den eta giroaren parte den guztia ahazten dugulako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!